Ukrainari lotutako udal adierazpenaren bozketa, osteguneko ezohiko udalbatzarreko hizpideen artean

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 15a, 10:19

Ukraina eta gai ekonomikoak hizpide nagusi izango dituen ezohiko udalbatzarra deitu dute ostegunerako, martxoak 17.

Hilero azken ostegunetan izaten da ohiko udalbatzarra Usurbilen. Martxoan ere hala izango da, baina tarteka, ezohiko deialdiak ere egiten ditu Udalak. Kasu honetan bezala. Ostegun honetarako, martxoaren 17rako ezohiko osoko bilkura iragarri dute. Gai ekonomikoak izango dira nagusiki jorratuko dituzten hizpideen artean; gai gehienak udal langileei lotutakoak izango dira.

Baina Usurbilgo Udaletik NOAUA!ri helarazitako gai-zerrendan irakur dezakezuen moduan, bi adierazpen ere badaude. Batetik, "Usurbilgo Udalaren iruzurraren aurkako politikak" hizpide dituen adierazpena. Bestetik, Ukrainak bizi duen egoerari lotutako adierazpen bat ere bozkatuko dute.

EZOHIKO UDALBATZARRA
Eguna: martxoak 17, osteguna.
Ordua: 18:00.
Tokia: udalbatza aretoa.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.
Gai-zerrenda:
1- 2022. urteko Lanpostuen Zerrendaren aldaketa.
2- 2022. urteko Plantilla Organikoaren aldaketa.
3- 2022. urteko soldata igoera.
4-Adierazpena: Usurbilgo Udalaren iruzurraren aurkako politikak.
5-Adierazpena: Ukraina.
6-Galdera eta eskaerak.