Usurbilen abian den zaintza ereduaren aldaketari lotutako parte hartze prozesua fase aldaketa betean dela berri eman zuten sustatzaileek agerraldi bidez martxoaren 4an. Arreta ereduaz eta horren bueltan "eraiki beharreko zaintza ekosistemaz" hausnartu ostean, eta prozesu horretatik landutako diagnosia eskutan, inplementaziorako bide-orria diseinatzen hastekotan dira orain.
Argibideak emateko herritarrei zuzenduriko bilera irekia deitu dute asteazkenerako, martxoak 16, arratsaldeko 18:30etan Potxoenean. "Zer rol izan dezake komunitateak Usurbilgo zaintza ekosisteman?" hizpide honen bueltako gogoeta taldea osatu asmo dute herritarrekin.
Zaintzaren bueltako sare bat osatu dute sektoreko profesional, langile, zaintza behar duten herrikide, senide, elkarte, erakundeetako ordezkari, mugimendu feminista eta abarrekin, "elkarlana eta lankidetza ezinbestekoa izango dugulako zaintza eredu eta ekosistema oso bat eraikitzeko".
BIGARREN FASEAREN NONDIK NORAKOAK
Helburua: zaintza ereduaren eraldaketaren inplementaziorako bide-orria diseinatzea.
Iraupena: lauzpabost hilabete. Urte amaiera aldera, proposamen zehatza prest izan eta 2023an inplementaziorako urratsak ematea da asmoa.
Lan taldeak:
1-Zerbitzuak: zaintza lanak eskaintzen dituzten enpresetako ordezkari eta langileen taldea. Egun eskaintzen diren zerbitzuen ereduari eta balizko eraldaketari buruzko azterketa bideratu asmo dute. Etxez etxeko zerbitzua lehenetsi asmo dute.
2-Senideak eta zaintza behar duten pertsonen taldea: zainduak direnen eta zaintzaileen taldea. Etxean nola zainduak izan aztertuko dute. Zerbitzuen taldeak kontuan hartu beharreko taldea, zerbitzuak zaintza behar duten eta zaintzaileen behar eta nahietara egokitzeko.
3-Gizarte zerbitzuen taldea: eredu berrira jauzi egiteko Usurbilgo Udaleko Gizarte Zerbitzuen departamenduko langileen formazioa sustatuko duen taldea.
4-Herritarrak: Usurbilen lurralderaturiko zaintza komunitarioa sustatu nahi dutenez, komunitatea zaintza eredu horren parte nola izan, horretaz hausnartuko du talde honek; zaintza komunitatearen definizioaz, egitekoaz...
Hurrengo hitzorduak
-Martxoak 16: 18:30etan bilera herritarrekin Potxoenean, orain arte egindakoa aurkeztu eta aurrera begirako urratsak azaltzeko.