Eguzki izpi artean esnatu behar genuen arren, bigarren egunez, lainopean da Usurbil. Ez ohiko lainoa halere; adituen arabera, Sahara aldetik heldutako hauts lainoa. Zerua iluntzeaz gain, denetariko gainazaletan ere nabari da hautsa azken bi egunotan.
Arnasten dugun airearen kalitatean ere eragin du. Airearen kalitatea neurtzeko Eusko Jaurlaritzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezarriak dituen neurgailu gehienetan, ezarriak dituzten irizpideen arabera, airearen kalitatea txarra edo leku batzuetan oso txarra da. Inguruotan bi neurgailu ezarriak ditu Jaurlaritzak; bat, Agerialde ondoan, bestea Zubietan. Bietan airearen kalitatea "erregularra" dela ohartarazten dute.
Eguneratzen doazen datuak Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren orrialdean kontsulta ditzakezue. Atari horrek berak ohartarazi duenez, "partikulen kontzentrazioa handitzeko fenomeno orokor bat gertatzen ari da, Saharako hautsaren intrusio batean (Saharako intrusioak iragartzeko ereduaren arabera) jatorria duena eta erkidego osoari eragiten diona". Hala gertatzen ari da astearteaz geroztik. Badirudi ordea, gaurko eguna amaitzerako egoera hobetzen hasiko dela. "Aurreikuspenen arabera, martxoaren 16ko azken orduetan normaldu egingo dira partikulen kontzentrazio-balioak (PM10 eta PM 2,5).
Bitarte horretan, neurgailuok egunerokoan egin ohi duten moduan, bildutako datuak orduro argitaratzen segiko dute. Baina Jaurlaritzatik argitu dutenez, "denbora errealean jasotako baloreak dira eta balidatzeko zain daude. Beraz, datu hauek behin-behinekoak dira eta berrikusi daitezke".
Aldaketa
Eguraldi aldaketak ere lagundu dezake dugun giroan. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, asteazken honetan Usurbilen, "hauts-gandua" izango dugu. Baina aldaketa dator arratsaldean. "Haizea ipar-mendebaldera aldatuko da eta behe-hodei trinkoagoak agertuko dira. Arratsalde-gau partean euria egin lezake, batez ere egunaren amaieran. Tenperatura maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira".
Ostegunean (martxoak 17), "goibel eta euritsu" esnatuko da eguna. "Iparraldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira, maximoak nabarmen edo asko jaitsiko dira". Ostiralean, "zerua oso hodeitsu egongo da eta egunaren hasieran euri txikia egingo du. Arratsalde-gau partean hodeiak gutxituz joango dira. Ipar-haizea; arratsalde-gau partean ahul eta aldakor ibiliko da haizea, azken orduetan hegoaldekoa nagusi. Tenperatura minimoak gutxi jaitsi eta maximoak gutxi igoko dira". Informazio eguneratua, euskalmet.eus atarian.