N-634 errepideko ibilgailuen joan etorria arinduko duen azken orduotako albistea, berri honi atxikitako irudian ikus dezakezue. Troia eta Txikierdi artean azken asteotan Gipuzkoako Foru Aldundia egiten ari zen lanengatik jarriak zituen semaforoak kendu dituzte azken orduotan. Semaforoek baimendu edo debekatu dute azken asteotan, inguru horretako trafikoa.
Asteazken honetatik, bistan denez ez. Baina eremu honetako lanak ez dira amaitu. Gogoan izan, otsailaren 18an, aurrez jakinarazi gabe hasi zituztela hobekuntza lanok. Lehenbizi, Troia eta Txikierdi arteko errepide ertzeko babes-horma berritzen aritu dira, euste elementuak egoera arriskutsuan zeudelako. Bigarren faseko lanak Troiako sarbide inguruan egitekoak dituzte. Lan zailagoak izango dira, "tarte motzagoa izan arren, obraz gain, makinaria sartzeko leku gutxiago izango dutelako. Horregatik, eta udalak ahalegina egiteko eskatu arren, oinezkoen pasabidea deuseztatu egingo dute, segurtasunagatik", udalak aditzera eman duenez. Lan hauek irauten duten bitartean, Troiatik N634 errepidera sartzen diren ibilgailuek Donostiarako noranzkoa baino ezingo dute hartu.
Lanok noiz amaituko diren ezin jakin; hainbat alditan atzeratu ostean, martxoaren 25ean amaitzekoak zituzten lanok Gipuzkoako Foru Aldundiak Usurbilgo Udalari jakinarazi zionez. Baina iragan astean, astebeteko atzerapenarekin ari zirela lanean berri eman zuten. Ikusteke dago beraz, lanon amaiera data zehatza zein izango den.