Gazte Egunean gertatutakoaren harira
Pasa den Gazte Egun honetan, gauean bertan jakinarazi zen bezala, protokolo feminista martxan jarri behar izan genuen, txosnagunean erasotzaile bat zegoenaren salaketa jaso genuelako.
Berri hau jasotzean, erasotzailea kanporatzeko ardura hartu genuen talde feministako kideok, beste herritarren laguntzarekin. Gure esker ona adierazi nahi diogu laguntzen aritu zen orori, guztion arteko lankidetzarik gabe ezinezkoa delako prozesu hau aurrera eramatea. Gainera, protokoloa etengabeko hobetze prozesuan dago, eta bizi berri dugun esperientzia honek horretan laguntzen digu. Argi dago asko dugula ikasteko eta hobetzeko, protokoloan hutsuneak ditugula.
Prozesu hau martxan jartzean, parrandan zeuden beste herritarrengandik kritikak eta prozesuaren esku hartze desegoki, oztopatzaile eta erasokorrak jasan behar izan genituen. Egiten ari ginena etengabe zalantzan jarri zen. Pertsona horiek, protokoloaren inguruko inongo formakuntzarik izan gabe, askatasun osoz parte hartzen hasi ziren erasotzailea kanporatzeko prozesuan, guztia nahastuz eta prozesua aurrera eramatea galaraziz.
Hurrengo baterako, protokoloa lantzeko tailerrak egiteko deialdiak luzatzen ditugunean, horietara gerturatzea gomendatzen dizuegu. Edozein gomendio, proposamen eta ekarpen ongietorria eta beharrezkoa baita guztion artean erasoei erantzuna ematen ikasteko.
Protokoloa martxan jarri eta erasotzailea kanporatzen saiatu baginen ere, ez genuen halakorik lortzen. Erasotzailearen egoera kontuan harturik eta ordu luzez egindako saiakeren ostean, Ertzaintzarekin kontaktatzeko erabakia hartu genuen. Lehen deian garrantzia kendu nahi izan zioten egoerari, agian etorriko zirela esanez eta zerbait gehiago gertatuz gero, berriz ere deitzeko eskatuz. 15 minutuz itxaron eta egoerak berdin jarraitu arren ertzainak agertzen ez zirenez, bigarren aldiz deitu behar izan genuen. Berriz ere, erantzun berdina jaso genuen. Goizeko 6:00ak irisi zirenean (lehen deietik 30 minutura), guk geuk lortu genuen erasotzailea kanporatzea, ertzainak ez baitziren agertu ere egin.
Egoera honetan eta Ertzaintzaren beharra adieraztean, agerian geratu zen ez zitzaigula halakorik eskaini. Deia egin eta lehen momentutik kasuari garrantzia kendu zioten. Argi utzi ziguten ikusgarriak ez diren erasoak ez direla aintzat hartzen, eraso gogor bat gertatu arte ez dela neurririk hartzen. Beraz, Ertzaintzaren kudeaketa tamalgarria salatu nahi dugu hemendik.
Azken parrandan agerian geratu zen jai seguruak behar ditugula, eta ez dugula inongo erasorik onartuko.
Erasorik gabeko parrandak nahi eta behar ditugulako, gora borroka feminista!
Kafe Tertulia