13 urte gaur, ohitura aldaketa batek hondakinen kudeaketa modua irauli zuenetik. 2009ko martxoaren 16an hiri hondakinak atez ate biltzen hasi ziren Usurbilen. Aipatu moduan, gaikako bilketa tasa epe laburrean izugarri hazi zen. 2021ean eskuratu da halere inoizko emaitzarik onena. Usurbilgo Udalak jakinarazi duenez, "inoizko gaikako bilketa mailarik onena" lortu zen iaz; %87,27koa. 2009an martxan jarriz geroztik (%71koa zen bilketa urte hartan) koxkatxo bat gorantz egiten segi du urtero. Datuok "Usurbilek gaikako bilketarekiko duen konpromiso irmoa erakusten dute", Udalaren esanetan.
Iaz, urte osoan 3179 tona hondakin jaso ziren Usurbilen, 514 kilo biztanleko eta urteko. Ez dira inoizko datu altuenak izan; 2010ean 3.504 tona bildu ziren, 3.359 2011n. Ezta datu baxuenak ere; 2.919 tona jaso ziren 2014an, bi kilo gehixeago 2013an. 2018az geroztik (3.185 tona) murrizten joana zen, 2020an 3.013ra arte. Iaz koxkatxo bat gorantz egin zuen, 3.179ra arte.
Errefusa beherantz
Iazko 3.179 tonatik, 789 tona biohondakinak izan ziren, 405 errefusa, 274 ontzi arinak, 429 papera eta kartoia, 135 tokiko konposta. Gorabeherak gorabehera, hondakin zatiei erreparatzen hasiz gero, ez dago bilakaeran aipamen nabarmenik.
Errefus bilketa datuei dagokienean, kale garbiketakoa, industria guneetakoa murriztu den arren, koxkatxo bat egin du gorantz etxeetan jasotakoak pandemia urteotan, 2020an eta 2021ean, 105 eta 94 tona hurrenez hurren. 2014an 109 tona bildu ziren, 2016an gutxien, 54 tona eta ordutik goranzko bidean segi du. Errefusaren bataz besteko bilketa ordea beheranzko bidean da 2018az geroztik; urte hartan 486 tona jaso ziren, 405 iaz.
Hazkuntza nabarmen geldoagoa San Markon eta Gipuzkoan
Usurbilgo gaikako bilketa San Marko Mankomunitatearen eta Gipuzkoako bataz besteko datuekin alderatuta, bada alde nabarmenik. Azken bi eremuotan gaikako bilketa urtez urte hazten doan arren, askoz baxuagoa da Usurbilgoarekin alderatuta. 2020an, Usurbilen %86koa zen gaikako bilketa, %52koa San Markon eta %58koa Gipuzkoan. 2009an %71koa Usurbilen, %30ekoaren bueltakoa San Markon eta Gipuzkoan. 2009tik 2020ra beraz, ia bikoiztu egin da bi eremuotan gaikako bilketa.
Baina hemen dator desberdintasun tarte nabarmenena; 2009tik 2020ra, 11 urte behar izan ditu San Marko Mankomunitateak eta Gipuzkoak zituen gaikako bilketa datuak ia bikoizteko. Usurbilek aldiz, hilabete gutxi batzuetan atez ateko bilketari esker bikoiztu baino gehiago egin zuen gaikako bilketa; 2008tik 2009ra, %30etik %71raino. 2009tik 2021erako tartean, ia hirukoiztu egin du udalerri honek hiri hondakinak gaika bildutako ehunekoa.
Balantze ekonomikoa
Usurbilgo hiri hondakinen bilketa zerbitzua ikuspuntu ekonomikotik aztertuta, Udalak plazaraturiko azken datuen arabera, sorreratik hala izan den moduan, diru-sarrerak baino gastu gehiago izan ditu atez atekoak Usurbilen. Iaz 267.000 euroko defizita izan zuen gaikako bilketak udalerri honetan. Azken urteotako gorakada eten zen 2021ean. 2018az geroztik (232.000 euroko defizita urte hartan) goranzko bideari eutsi dio; 2019an, 294.000 euroko defizita, 338.000 eurokoa 2020an eta 267.000 eurokoa iaz.
Bilketa modu honek izan duen garapenaren adierazgarri, urtez urte bai sarrerek zein gastuek izan duten hazkuntza. 2009. urtean 489.000 euroko gastua eragin zuen hiri hondakinen bilketa zerbitzuak, 250.000 euroko diru-sarrerak izan zituen. Iaz, 928.000 euroko gastuak eta 662.000 euroko diru-sarrerak.
Datuetatik haratago, bilketa zerbitzuan urtez urte txertatzen joan den hobekuntzak aipatu behar. "Iaz, esaterako, poltsa berrerabilgarriak banatu zituen doan, covid19aren bilketa berezituarekin jarraitu zuen, auzokonpostaguneetako jarraipena hobetu (454 bisita egin ziren) eta industriaguneetako jarraipena ere hobetu da", Udalaren esanetan.