Pagazpe trinketean garaile, Zubieta txapeldunorde Joko Garbian

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 16a, 08:00

Herriko kirol taldeak emaitza ezinhobeak erdiesten ari dira.

Batetik, martxoaren 6an Iruran jokatutako Gipuzkoako Trinketeko Txapelketaren final nagusia irabazi zuen Pagazpek, nagusien 2. mailan. Enrike Huizi eta Julen Urruzola bikoteak hain zuzen. 

Bestetik, Gipuzkoako Joko Garbi Txapelketako txapeldunorde dugu Zubieta. Iragan larunbatean Oiartzungo Madalensoron jokatu zen final handian, garaipena erdiestear izan ziren Joseba eta Josu Aizpurua zubietar anaiak. 40-31 izan zen azken emaitza, Behar Zana nagusitu zen.

Sei talde lehiatu dira aurtengo edizioan; Villabonako Behar Zanarekin batera, Oiartzungo Txost taldeko bi bikote. Zubietan hiru talde osatu dira, aipaturiko anaiez gain, Txomin Bordagaray-Antton Arrillaga eta Unai Azpiroz eta Ander Iruretagoyena bikoteek ordezkatu dute Zubieta. Modu horretan, Zubieta 3 taldea bigarren postuan sailkatu da, Zubieta 1 laugarrenean eta Zubieta 2 seigarrenean.