Komunitatearen zereginaz hausnartzen, zaintzari lotutako prozesuan

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 17a, 10:17

Zaintza sistema eraldatzeko abian den parte hartze prozesuaren baitan, komunitateari, herriari lotutako bilera egin dute asteazken honetan Potxoenean.

"Zer rol izan dezake komunitateak Usurbilgo zaintza ekosisteman?" hizpide hartuta, herritarrekin bilera irekia egin dute asteazken honetan Potxoenean. Gogoan izan, fase berri batean murgildua dela zaintza ekosistema berri bat eraikitzeko prozesua. Arreta ereduaz eta horren bueltan "eraiki beharreko zaintza ekosistemaz" hausnartu ostean, eta prozesu horretatik landutako diagnosia eskutan, inplementaziorako bide-orria diseinatzen hastekotan dira orain. 

Bigarren fase honi begira, ondoko lau lan talde osatu nahi dituzte:


BIGARREN FASEAREN NONDIK NORAKOAK
Helburua: zaintza ereduaren eraldaketaren inplementaziorako bide-orria diseinatzea.
Iraupena: lauzpabost hilabete. Urte amaiera aldera, proposamen zehatza prest izan eta 2023an inplementaziorako urratsak ematea da asmoa.
Lan taldeak:
1-Zerbitzuak: zaintza lanak eskaintzen dituzten enpresetako ordezkari eta langileen taldea. Egun eskaintzen diren zerbitzuen ereduari eta balizko eraldaketari buruzko azterketa bideratu asmo dute. Etxez etxeko zerbitzua lehenetsi asmo dute.
2-Senideak eta zaintza behar duten pertsonen taldea: zainduak direnen eta zaintzaileen taldea. Etxean nola zainduak izan aztertuko dute. Zerbitzuen taldeak kontuan hartu beharreko taldea, zerbitzuak zaintza behar duten eta zaintzaileen behar eta nahietara egokitzeko.
3-Gizarte zerbitzuen taldea: eredu berrira jauzi egiteko Usurbilgo Udaleko Gizarte Zerbitzuen departamenduko langileen formazioa sustatuko duen taldea.
4-Herritarrak: Usurbilen lurralderaturiko zaintza komunitarioa sustatu nahi dutenez, komunitatea zaintza eredu horren parte nola izan, horretaz hausnartuko du talde honek; zaintza komunitatearen definizioaz, egitekoaz...