Ostiralean hasiko dituzte Ugartondoko asfaltatze lanak

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 17a, 11:30

Ugartondon eraikitzen ari diren urbanizazio berria inguratuko duen bideko asfaltatze eta margotze lanei ostiral honetan ekitekoak direla jakinarazi du Usurbilgo Udalak. 

Izatez, astelehenean hastekoak zituzten Ugartondon eraikitzen ari diren etxebizitzak inguratzen dituen bidea margotu eta asfaltatzeko lanak. Erregaiaren neurrigabeko garestitzeari aurre ezin diotela egin salatu eta konponbideak galdegiteko garraiolariek egun horretan bertan, martxoaren 14an hasitako greba mugagabeak ordea atzerarazi egin du lanon hasiera.

Ugartondoko urbanizazio berria inguratzen duen bidea margotu eta asfaltatzeko lanak aste hasieran abiaraztekoak zituzten, baina ez da halakorik gertatu. Usurbilgo Udalak egunotan argitu duenez, "garraiolarien greba dela eta, asfalto lanak ezin gauzatu dabiltza Ugartondoko eraikitzaileak, hornigaiak iritsi ez direlako. Lanak atzeratu egingo dira, beraz, egoera konpondu bitartean".

Azken orduotan sare sozialen bidez Udalak berri eman duenez, ostiral honetan, martxoaren 18an hastekoak dituzte Ugartondoko lanok. Bihartik aurrera beraz, ibilgailuen joan etorrian eragingo dute. Udalak ohartarazi duenez, ostiral honetan, "langileek bideratuko dute trafikoa". Astelehenetik, martxoaren 21etik aurrera aldiz, azken aldian ezarriak zeuden behin-behineko semaforoen funtzionamendua etengo dute. Orain arte bezala, Puntapax kaletik Kalezarrera igotzeko aukera egongo da. Baina Haur Eskolatik gora. Orain arte itxita egon den bide zati hori zabalduko dute, Ugarte baserri paretik Pikaolara ezkerretara ezingo baita biratu. Kalezarretik Usurbila jaisteko aldiz, auzoa alderik alde zeharkatu beharko dute ibilgailuek Belmonte kaletik barrena.