Atzoko lasaitasun egunaren ostean itzuli dira auto-ilarak ostegun goizean N-634 errepidera. Azken asteotan Gipuzkoako Foru Aldundia egiten ari den hobekuntza lanen bigarren faseari ekin diote. Oraingoan Troia inguruan.
Lehenbizi, Troia eta Txikierdi arteko errepide ertzeko babes-horma berritzen aritu dira, euste elementuak egoera arriskutsuan zeudelako. Bigarren faseko lanak Troiako sarbide inguruan egitekoak dituzte. Lan zailagoak izango dira, "tarte motzagoa izan arren, obraz gain, makinaria sartzeko leku gutxiago izango dutelako. Horregatik, eta udalak ahalegina egiteko eskatu arren, oinezkoen pasabidea deuseztatu egingo dute, segurtasunagatik", udalak aditzera eman duenez. Lan hauek irauten duten bitartean, Troiatik N634 errepidera sartzen diren ibilgailuek Donostiarako noranzkoa baino ezingo dute hartu.
Lanok noiz amaituko diren ezin jakin; hainbat alditan atzeratu ostean, martxoaren 25ean amaitzekoak zituzten lanok Gipuzkoako Foru Aldundiak Usurbilgo Udalari jakinarazi zionez. Baina iragan astean, astebeteko atzerapenarekin ari zirela lanean berri eman zuten. Ikusteke dago beraz, lanon amaiera data zehatza zein izango den.
#Usurbil Txikierdi/Troia arteko lanak bukatu zituzten atzo. Orain Troiako aldapa ondoko zatiari tokatzen zaio. Trenbide ondoko babesa berrituko dute. Lan honetarako epe muga emana du Aldundiak: martxoak 25. Denborak esango du. Hau dena martxoaren 11ko Noauan aurreratu genuen pic.twitter.com/QiEFqm7Pir
— noaua (@noaua) March 17, 2022