Larunbateko Gazte Egunari hasiera emateko gazte lokala inauguratu zuten Artzabalen. Eta inaugurazioan ondoko talde argazkia atera zuten Usurbilgo gazteek, asteburuan Gasteizen antolatu den Zartada gazte ekimenean parte hartzeko gonbita luzatzeko. Hitzaldi, mahai-inguru, mobilizazio eta kontzertuek osatuko dute martxoaren 18tik 20rako egitaraua. Hitzaldietako batean, Usurbilgo Aztarrika Gazte Asanbladak parte hartuko du. Zehazkiago esanda, ostiral arratsaldean, 18:30etan "Gazte boterea: gu gara gure geroa" izeaneko saioan.
"Bat egitetik, hamaika izatera" aldarripean gazteria eta gazte mugimendua batu, aktibatu eta elkarlanean jartzea da gazte ekimen honen helburu nagusia.
Gazte Martxa
Apirilaren 14tik 17ra Gazte Martxa iragarri du bestalde Ernai gazte antolakundeak Baztanen; Zugarramurdi, Erratzu eta Elizondo lotuko ditu. "Dantzatu, abestu eta oihu egingo dugu, Baztango kaleak arakatu eta bideak elkarrekin zeharkatuko ditugu", iragarri dute antolatzaileek. Usurbilgo Ernaik egunotan iragarri duenez, "Usurbilen ere badugu zerbait esku artean, adi sareei datozen egunetan. Bostehun urte eta Zutik!".