Eragileen lana txalotzeko "Elkar+ekin gara!" dantza ekimen berezia igandean

Noaua Aldizkaria 2022ko martxoaren 18a

Elkarteak eta bolondresak omentzeko Euskal Herri mailako ekimena Usurbilen ere ospatuko da, Orbeldi Dantza Taldekoen eskutik.

Euskal Herria dantza batean jarriko duen ekimena igande eguerdi honetan, martxoaren 20an; “Elkar+ekin” izeneko ekitaldi berezia antolatu da. Usurbilen Orbeldi Dantza Taldea bideratzen ari da prestaketa lanak. Ekimenaren helburua “irabazi asmorik gabeko elkarteek egiten duten lana eskertzea da, eta horretarako, dantzaren bueltan elkartu nahi ditu halako elkarteetan lan egiten duen jendea”. Dantza taldetik ohartarazi dutenez, “jada koreografia bat asmatu da, zeinak mutxikoetako urratsak dituen”. Emanaldia igandean, 12:30etan izango den arren, lehenago entsegu saioetan parte hartzeko aukera izango da, 11:00etan hasita Mikel Laboa plazan.

Aipatu moduan, hiru helburu nagusi bete nahi ditu hitzorduak. Batetik, elkarte eta elkarteetako kideek garrantzia nabarmentzea; elkarte eta bolondresak zaindu behar ditugula aldarrikatzea; eta azkenik, herritarrak parte hartzera bultzatzea.

Usurbilen soilik ez, Euskal Herriko beste hainbat txokoetan ere antzeko dinamika bideratuko dute, tokian tokiko dantza elkarteen bidez. "50-70 herri eta eskualdeetan milaka lagun dantzan jarriko ditugu", iragarri dute Orbelditik.