Gipuzkoako Foru Aldundia Usurbilen N-634 errepideari eusteko elementuak konpontzen ari da, trenbide ondoko babesak, zehatzago esanda. "Eta horretarako, bideko erreietako bat okupatu behar da", dio Aldundiak igorri duen idatziak. "Datozen egunetan N-634 errepidearen eta Troiako aldaparen arteko bidegurutzean jardungo da, eta, beraz, apirilaren 1era arte, semaforoen bidez araututako noranzko alternatibo bakarrean zirkulatuko da".
Troiako sarrera itxita egongo da obra amaitu bitartean
Hasiera batean Troiako Aldapatik N-634 errepidera (Donostiarako noranzkoan) sartzeko aukera aurreikusita zegoen arren, "konponbideak bide nagusian auto-ilara gehiegi sortzen dituela egiaztatu da" dio Aldundiak, "eta horregatik obrak egiteko epean sarrera hori eten egingo da trafikoan. Trafiko hori N-634 errepidera sartzeko ordezko bide gisa, herrigunera doan Kalezar auzoa kalea erabiltzea proposatzen da, eta bertatik errepide nagusira iritsi daiteke".
Zubietarako oinezko pasabidea ere etenda
Era berean, aurreikusi bezala, trenbidea pasagunearekin lotzen den oinezkoen pasagunerik ez da egongo obra honek irauten duen bitartean.