"Usurbilgo Udalak irmotasun osoz arbuiatzen ditu Errusiako Federazioak Ukrainan egindako ekintza militarrak"

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 18a, 13:48

Borrokak berehala eten eta armada errusiarra Ukrainatik erabat erretiratzea eskatu eta ukrainar herriari erabateko elkartasuna adierazten dion erakunde adierazpena onartu du aho batez udalbatzak ostegun honetako osoko bilkuran.

Borrokak berehala eten, tropa errusiarrak Ukrainatik irten eta ukrainar herriari babesa adierazten dion erakunde adierazpena onartu du aho batez udalbatzak ostegun honetan egin duten osoko bilkuran. Errusiako Federazioari "nazioarteko legedia errespetatzeko, armak baztertzeko eta bide diplomatikoetara itzultzeko" eskatzen dio. Horrez gain, udal adierazpenak "bizien galera deitoratzen du, eta atsekabe sakona agertzen du, biktimengatik eta herritarren alferrikako sufrimenduarengatik. Sentimendu hori Usurbilen bizi den komunitate ukrainiarrari ere helarazi nahi dio".

Adierazpen honen bidez iragarri duenez, "Larrialdi Humanitario honi erantzuteko laguntza bat" onartzekoa da Udala. Europar Batasunari Ukrainarentzat "beharrezko laguntza finantzarioa eta humanitarioa eskaintzea" eta ahalegin handiagoa egitea galdegiten dio, "kudeaketa diplomatikoen bidez deseskalatzea bultzatzeko eta bakeari eusteko".

Europari, espainiar estatuari eta Eusko Jaurlaritzari, errefuxiatuak ahalik eta baldintzarik onenetan hartzeko ahalik eta azkarren antolatzea. Udalak bere aldetik, "agintari eskudunen esku" jarriko ditu errefuxiatuentzako bi etxebizitza.

Bederatzigarren puntua ezbaian
Aipatu moduan, segidan bere edukia osorik duzuen erakunde adierazpenak udal talde guztiek aho batez onartu zuten osteguneko osoko bilkuran. Halere, puntu bat gehitzeko eskaera luzatu zuten EAJ-tik. Europar Batasunetik Errusiako armadaren erasoaldiari aurre egiteko laguntza bidalketari lotutako puntua zen. Adierazpenean txertatu ez zutena azkenean. Kritiko agertu zen udal gobernu taldea, Ukrainako egoeraren aurrean Europar Batasuna hartzen ari den zenbait neurrirekin; arma bidalketekin esaterako. "Zibilak armatzearen aurka gaude", adierazi zuten EHBildutik osteguneko udalbatzarrean. Gainera, bederatzigarren puntu hori txertatzearen aurka agertu ziren, "mozio honen funtsaren aurka doala ulertzen dugulako".

Indarra bide diplomatikoan jarri behar dela nabarmendu zuten udal gobernu taldetik.


ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
Errusiako gobernuak Ukraina erasotzeko eta inbaditzeko hartutako erabakiaren ondorioz, dozenaka pertsona hil dira, ehunka zauritu, eta asko eta asko alde egiten ari dira, bonbetatik ihesi.

Errusiako gobernuaren oldarraldia justifikaziorik gabeko erasoa da, inoiz ez bezalako larritasuna duena, eta nazioarteko zuzenbidearen urraketa nabarmena, segurtasun globala eta egonkortasuna arriskuan jartzen dituena.

Horregatik guztiagatik, Usurbilgo Udalak honako hau onartu du:

1. Usurbilgo Udalak irmotasun osoz arbuiatzen ditu Errusiako Federazioak Ukrainan egindako ekintza militarrak, nazioarteko zuzenbidearen urraketa larria dakartenak. Justifikaziorik gabeko erasoa da, eta Europako segurtasuna eta egonkortasuna ahultzen ditu.
2. Usurbilgo Udalak borrokak berehala gelditzeko eskatzen du, eta armada errusiarra Ukrainatik erabat erretiratzeko. Ukrainaren subiranotasuna eta lurralde-osotasuna erabat babesten eta errespetatzen ditu eta deia egiten du Minskeko akordioetara itzultzeko.
3. Usurbilgo Udalak Ukrainari eta hango herriari erabateko elkartasuna eta estimua adierazten die. Bizien galera deitoratzen du, eta atsekabe sakona agertzen du, biktimengatik eta herritarren alferrikako sufrimenduarengatik. Sentimendu hori Usurbilen bizi den komunitate ukrainiarrari ere helarazi nahi dio.
4. Usurbilgo Udalak Europar Batasunari eskatzen dio beharrezko laguntza finantzarioa eta humanitarioa eskaintzeko Ukrainari eta Ukrainako herriari, nazioarteko komunitate osoarekin koordinatuta. Larrialdiko erantzun humanitarioan ahaleginak areagotzeko eskatzen du. Errusiari gogorarazten dio nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatzeko betebeharra.
5. Usurbilgo Udalak irmo eskatzen dio Errusiako Federazioari, nazioarteko legedia errespetatzeko, armak baztertzeko eta bide diplomatikoetara itzultzeko.
6. Usurbilgo Udalak Europar Batasunari eskatzen dio ahalegin handiagoa egin dezala kudeaketa diplomatikoen bidez deseskalatzea bultzatzeko eta bakeari eusteko.
7. Europar Batasunari, estatu espainiarrari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen die, ahalik eta azkarren antolatzeko, eraso militar hori eragiten ari den errefuxiatuak ahalik eta baldintzarik onenetan hartzeko. Eta agintari eskudunen esku jartzen du Usurbilgo Udalak bi etxebizitza, behar izanez gero Ukrainatik iristen diren errefuxiatuen esku uzteko.
8. Usurbilgo Udalak Larrialdi Humanitario honi erantzuteko laguntza bat ere onartuko du.