Autobusetako gidarien aurkako erasoak salatu ditu LAB sindikatuak

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 19a, 09:16

Aurreko larunbatean Andoain-Donostiarekin lotzen duen gaueko zerbitzuko autobus gidari batek Ertzaintzara deitu behar izan zuela salatu du LAB sindikatuak, "gertatzen ari ziren istiluak zirela eta". 

Haserrea adierazi du LAB sindikatuak ohar bidez, autobus gidariak pairatzen ari diren erasoengatik. Azkena, aurreko larunbatean, martxoaren 12an. Andoain Donostiarekin lotzen duen gaueko autobus zerbitzuan istiluak izan ziren eta gidariak Ertzaintzari deitu behar izan zion. Onartezintzat jotzen du sindikatu abertzaleak langileok pairatzen ari diren egoera. "Ezin dugu normaltzat eman, asteburuetan bereziki, langileak beldurrez eta ezinegonez lanera joan beharra".

Erabiltzaileei honako mezua helarazten die: "utzi langileak bakean". Gertatzen ari denaren ardura erabiltzaileei baina Foru Aldundia nahiz autobusetako enpresei ere egozten die LAB-ek. "Hauek zerbitzua eman bai, baina hau modu seguru batean eman dadin hartu behar diren neurriak ez dituzte hartzen". 

LAB SINDIKATUAREN OHARRA
Aurreko larunbatean BU40G lineako langileak, Ertzaintzara deitu behar izan zuen, gertatzen ari ziren istiluak zirela eta, bere burua arriskuan ikusten zuelako.

Onartezinak dira langileen aurka gertatzen ari diren erasoak. Ezin dugu normaltzat eman, asteburuetan bereziki, langileak beldurrez eta ezinegonez lanera joan beharra.

Honen guztiaren ardura Diputazio zein enpresena da bereziki. Hauek zerbitzua eman bai, baina hau modu seguru batean eman dadin hartu behar diren neurriak ez dituzte hartzen. Dagoeneko nekatzen hasi gara, nahiko gogorra da asteburuetan lan egin behar izatea eta gau osoan egin behar izatea gainera. Eta hau guztia beldurrez egin behar dugu? Ez gaude hau onartzeko prest.

Baina honen ardura nagusia Diputazioarena eta enpresena bada ere, ezin dugu erabiltzaileen ardura ezkutatu. LAB sindikatutik, erabiltzaileei honakoa eskatzen diegu: utzi langileak bakean. Denak gara langileak. Gure artean babestu eta zaindu beharrean, gure artean erasotzen bagara ez goaz ongi. Langileen arteko elkartasunak berebiziko garrantzia du garai hauetan, bereziki baita parrandan ere.