Zendoiako Mertxe Aizpurua Zeberio zendu da

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 19a, 09:31

Besteak beste, NOAUA! K.E.-ren eta Usurbilgo Odol Emaileen Elkartearen sortzaileetako bat izandakoa zendu da.


Jaiotetxe ondoan ateratakoa da albiste honi atxikitako ondoko argazkia. Zendoia ondoko garai bateko Correos-eko eraikinaren atarian. NOAUA! K.E.-ren lehen urteetako estreinako egoitza izan zen. Eta hantxe zen lerrootako protagonista, proiektu honen sorreran buru-belarri lanean. Zutik duzue erdialdean, Mertxe Aizpurua Zendoia. Ostiral honetan zendu da 96 urte zituela, 97 betetzear.

1925ean jaio zen, Kale Nagusiko Zendoian, "oraindik kale-baserria zen garaian. 5 anai-arrebaren artean gazteena, Zendoiako taberna bere familiak eramaten zuen, eta Mertxeri ere umetatik tokatu zitzaion tabernako lanetan aritzea. Barraren atzetik herriko hainbat pertsonaia eta bizipen ezagutu ditu", oroitzen du Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea biltzen duen ahotsak.eus atariak. Mertxeren ahotsak bizirik dirau hain zuzen, izen bereko egitasmoan parte hartu baitzuen. Hainbat bizipen, istorio entzun ditzakezue Mertxeren ahotik aipatu web orrialde horretan.

Ia 100 urteko ibilbide luzean, NOAUA! K.E.ren sorreran parte hartu zuen, baita aktiboki ere besteak beste, Usurbilgo odol emaileen elkartean ere. Sortzaileetako bat izan zen eta ondo gogoan dute azken orduotan bilgune honetan Mertxek eginiko ahalegina.

Larunbat honetan, martxoak 19, Usurbilgo tanatorioan izango da, goizez, 10:00-13:00 artean, eta arratsaldez, 17:00-20:00 artean. Bere aldeko hileta elizkizuna aldiz, astelehenean, martxoak 21, arratsaldeko 18:00etan Salbatore elizan.