Udal lanpostuetan aldaketak

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 21a, 08:52

Udal lan talde eta lanpostuei eragiten dieten hiru erabaki hartu zituen udalbatzak aho batez, martxoaren 17an egin zuten ezohiko udalbatzarrean.

Batetik, aurtengo lanpostuen zerrenda aldatzea onartu zuten, Eusko Jaurlaritzatik zenbait zuzenketa egitea aholkatu ostean. Hornidura sistemari, lanpostuen titulazioei, gidabaimenari edota gaztelaniazko lanpostuen zerrendako dedikazioei eragiten diete aldaketok. Horrez gain, udal lanpostuak numerikoki kodifikatzea erabaki dute. Bi sailetan berezia zegoen kultura, euskara eta gazteriako eta garapen hezkuntza alorretan %50ean lanean ari den administrariaren lanpostua bateratzea. Kirol teknikari lanpostuan aritzeko bestalde, orain arte diplomatura bat izatea aski zen. “Aktibatzen” prozesu betean diren honetan, udal gobernu taldetik diotenez, ez dute Kiroldegirako kudeatzaile soil bat nahi, “kirol politikak landuko dituen pertsona” beharrean aritzea nahi dute. Horretarako, lanpostu honen sarbiderako beharrezko titulu gisa finkatuko du, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako titulazio espezifikoa izatea.

Azken aldaketa bat udal lan taldean: Parekidetasun eta Gizarte Zerbitzuetako egitasmoak garatzeko aldi baterako onartua zuen programaren baitan, administrari bat behin-behineko funtzionario gisa izendatua izan zen hiru urterako, 2022ko apirilera arte. 2017tik hutsik eta karrerako funtzionariorik gabe dagoen etxez-etxeko laguntzaile plazetako bat amortizatuz, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Saileko administrari lanpostua sortzea erabaki du Udalak.

%2ko igoera
Aldaketa guztiok 2022ko udal plantilla organikoan txertatzea ere erabaki zuten aho batez udalbatzak, iragan asteko osoko bilkuran. Horrekin batera, udal langileen lansariak %2 igotzea ere onartu zuten, “2022ko urtarrilaren 1eko ondorioekin”. Udal gobernu taldearen esanetan, “igo daitekeen gehiena da”.