"Ondo antolatu behar da laguntza"

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 21a, 09:03

Ukrainar errefuxiatuen harrera kudeatzerakoan, noiz eta nola lagundu ondo jakiteko beharraz mintzatu zen udal gobernu taldea martxoaren 17ko udalbatzarrean onartu zuten erakunde adierazpenaren harira.

Ukrainar herriari noiz eta nola lagundu hizpide izan zuten iragan martxoaren 17ko udalbatzarrean. Gai honi buruzko erakunde adierazpena onartu zuten aho batez. Segidan duzue osorik. Besteak beste Udalak eskaini asmo duen laguntza zehazten zuen aipatu adierazpenak; "agintari eskudunen esku jartzen du Usurbilgo Udalak bi etxebizitza, behar izanez gero Ukrainatik iristen diren errefuxiatuen esku uzteko. Usurbilgo Udalak Larrialdi Humanitario honi erantzuteko laguntza bat ere onartuko du".

Arlo honetan errefuxiatuen etorrera kudeatzen ari diren erakunde eta eragileekin hartuemanetan direla berri eman du Udalak. Dagoeneko zenbait ukrainar Usurbila heldu direla harreran. “Galdetzen dugu, argibideen zain gara”, berri eman zuen udal gobernu taldetik Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak martxoaren 17ko osoko bilkuran. Gaineratu zuenez, “denok lagundu nahi dugu, jakin behar dugu ondo, nola eta noiz lagundu. Milaka pertsonen epe luzerako harreraz ari gara”. Ondorioz, “ondo antolatu behar da laguntza”. Gaiari jarraipena egitekotan dira.



ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
Errusiako gobernuak Ukraina erasotzeko eta inbaditzeko hartutako erabakiaren ondorioz, dozenaka pertsona hil dira, ehunka zauritu, eta asko eta asko alde egiten ari dira, bonbetatik ihesi.

Errusiako gobernuaren oldarraldia justifikaziorik gabeko erasoa da, inoiz ez bezalako larritasuna duena, eta nazioarteko zuzenbidearen urraketa nabarmena, segurtasun globala eta egonkortasuna arriskuan jartzen dituena.

Horregatik guztiagatik, Usurbilgo Udalak honako hau onartu du:

1. Usurbilgo Udalak irmotasun osoz arbuiatzen ditu Errusiako Federazioak Ukrainan egindako ekintza militarrak, nazioarteko zuzenbidearen urraketa larria dakartenak. Justifikaziorik gabeko erasoa da, eta Europako segurtasuna eta egonkortasuna ahultzen ditu.
2. Usurbilgo Udalak borrokak berehala gelditzeko eskatzen du, eta armada errusiarra Ukrainatik erabat erretiratzeko. Ukrainaren subiranotasuna eta lurralde-osotasuna erabat babesten eta errespetatzen ditu eta deia egiten du Minskeko akordioetara itzultzeko.
3. Usurbilgo Udalak Ukrainari eta hango herriari erabateko elkartasuna eta estimua adierazten die. Bizien galera deitoratzen du, eta atsekabe sakona agertzen du, biktimengatik eta herritarren alferrikako sufrimenduarengatik. Sentimendu hori Usurbilen bizi den komunitate ukrainiarrari ere helarazi nahi dio.
4. Usurbilgo Udalak Europar Batasunari eskatzen dio beharrezko laguntza finantzarioa eta humanitarioa eskaintzeko Ukrainari eta Ukrainako herriari, nazioarteko komunitate osoarekin koordinatuta. Larrialdiko erantzun humanitarioan ahaleginak areagotzeko eskatzen du. Errusiari gogorarazten dio nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatzeko betebeharra.
5. Usurbilgo Udalak irmo eskatzen dio Errusiako Federazioari, nazioarteko legedia errespetatzeko, armak baztertzeko eta bide diplomatikoetara itzultzeko.
6. Usurbilgo Udalak Europar Batasunari eskatzen dio ahalegin handiagoa egin dezala kudeaketa diplomatikoen bidez deseskalatzea bultzatzeko eta bakeari eusteko.
7. Europar Batasunari, estatu espainiarrari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen die, ahalik eta azkarren antolatzeko, eraso militar hori eragiten ari den errefuxiatuak ahalik eta baldintzarik onenetan hartzeko. Eta agintari eskudunen esku jartzen du Usurbilgo Udalak bi etxebizitza, behar izanez gero Ukrainatik iristen diren errefuxiatuen esku uzteko.
8. Usurbilgo Udalak Larrialdi Humanitario honi erantzuteko laguntza bat ere onartuko du.