Eskola Kirolaz, "Aktibatzen" prozesuko datorren bilera irekia

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 22a, 09:25

Herriko kirol eskaintzaz eta instalakuntzei buruz hausnartu eta ekarpenak egin ostean, Eskola Kirola izango du mintzagai, Usurbilgo Udalak herri eragile ezberdinekin elkarlanean abian duen "Aktibatzen" prozesuaren baitan ostegunerako herritarrekin deitu duten bilera irekiak.

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren inguruan "kirol politikak modu zabal eta inklusibo batean garatu ahal izateko" abian duten "Aktibatzen" izeneko prozesuaren baitan, datorren saioa, martxoaren 31rako iragarria zuten arren, astebete aurreratu dute, ostegun honetara, hilaren 24ra, gaur hitzordua antolatua zuten ordu eta leku berean, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. Herritarrekin egingo duten bigarren saio honetan Eskola Kirolaren gaia hartuko dute ahotan.

Galdetegiek herritarren %10eko parte hartzea
"Aktibatzen" doa herria, izen bera daraman udal eta herri eragileen egitasmoak dioen moduan. Martxoaren 10ean egin zuten Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren inguruan herrian abian den parte hartze prozesuari lotutako lehen bilera herritarrekin. Bi gai aztertu zituzten; batetik herriko kirol eskaintzaz hausnartu zuten; zer ekintza antolatu daitezkeen, norekin, nola... Eta non, kirol instalakuntzez ere aritu baitziren saio berean.

Lanketarako abiapuntu gisa aurreko asteetan herritarren eskuragarri jarritako galdetegiak baliatu zituzten. Galdetegiotan herritarrek emandako erantzunak. Guztira 600 usurbildarrek baino gehiagok, biztanleriaren %10ak parte hartu baitzuen deialdian; 401 herritarrek eta DBH zikloko 220 ikasleek aparteko beste galdetegi bana bete zuten.