Apirilaren 14tik 17ra Gazte Martxa iragarri du Ernai gazte antolakundeak Baztanen, Amaiurko gazteluaren setioaren bostehungarren urteurrenari keinu eginez, "BostEHun eta zutik!" aldarripean; Zugarramurdi, Erratzu eta Elizondo lotuko ditu. "Dantzatu, abestu eta oihu egingo dugu, Baztango kaleak arakatu eta bideak elkarrekin zeharkatuko ditugu", iragarri dute antolatzaileek.
Tailerrak, hitzaldiak eta ikuskizun anitz antolatu dituzte, kontzertuekin batera. 31 taldeek parte hartuko dute: Streetwise, Nikotina, McOnak, Perlata, Willis Drummond, Crim, Tremenda Jauria, Skakeitan, Xiberoots, Kaleko Urdangak, Liher, Rukula, La Furia, Yare Collective, Aiaraldeko Sound System, Ibil Bedi, Sua, Tribade, Iruñerria Jamaica Clash, Pleura, Marta & Herbass, Romea, Silitia, Dupla, DJ Reimy, XSakara, Skabidean, Erroka, Madame Birrots eta Iheskide taldeek. Sarrerak eta bonoak bibe.me atarian eskura daitezke jada.
Herri mailako aurkezpena
Usurbilgo Ernaik egunotan iragarri duenez, "Usurbilen ere badugu zerbait esku artean, adi sareei datozen egunetan. Bostehun urte eta Zutik!". Hurrengo hileko Gazte Martxa aurkeztuko dute ostiral honetan, martxoaren 25ean. Arratsaldeko 19:00etan hasita Aitzaga parean, ekitaldia, herriko musikarien kontzertuak eta afari-merienda iragarri ditu Ernaik sare sozialen bidez.