Udarregi Ikastola, ikertzaile gazteen eta ikasleen topaketan

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 22a, 08:06
Argazkia: Kutxa Fundazioa.

Kutxa Fundazioaren Eureka! Zientzia Museoak eta Elhuyarrek antolaturiko "Parekoen arteko topaketa" ekimenean parte hartu du Udarregi Ikastolak.

Ikertzaile gazteak eta Gipuzkoako ikasleak elkartzea helburu zuen "Parekoen arteko topaketa" ekimena antolatu dute aste hasiera honetan Kutxa Fundazioaren Eureka! Zientzia Museoak eta Elhuyarrek. Proiektuak partekatzen aritu dira astelehen honetan. "‘Elhuyar Zientzia Azoka’ proiektuan parte hartzen ari diren Gipuzkoako Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako hainbat ikasle izan dira", berri eman dute antolatzaileek. Tartean, Udarregi Ikastolakoak. "Guztira 20 talde eta 73 ikasle.  Eta ikasleekin batera, baita UPV/EHUko unibertsitatetako eta zenbait ikerketa-zentrotako 24 ikertzaile gazte ere". Saioan zehar, Bigarren Hezkuntzako ikasleek zientzia eta teknologiako proiektuen inguruko iradokizun eta aholkuak trukatu dituzte ikertzaile gazteekin.

Proiektuok ekainean Bilbon aurkeztuko dituzte, "Elhuyar Zientzia Azokan". Azoka hau 10. ediziora heldu den ekimen bat da. "Ikasleek proiektu zientifiko edo teknologikoak sortzen dituzte ikasturtean zehar, unibertsitateko ikertzaile eta irakasleen aholkuak gidari. Horietako lan asko ekainean Bilbon egingo den azokan aurkeztuko dira". 2-4 kide arteko taldeak osatzen dituzte ikasleek eta haiek aukeratutako gai bat lantzen dute. 

"Bi modalitate daude: ikerketa-proiektua aukeratuz gero, ikasleek berek aukeratutako arazo edo galdera bati irtenbidea edo erantzuna aurkitzeko proiektu bat garatu behar dute. Proiektu teknologikoa aukeratuz gero, berriz, jarritako erronkari erantzungo dion produktu teknologiko bat egin behar dute. Proiektuen aurkezpenak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egin daitezke. Ikasleek unibertsitateko ikertzaile profesionalen eta irakasleen laguntza dute proiektuak garatzeko, eta ikertzaileokin bizipenak partekatzeko aukera ere izaten dute".