Kantu-jira bueltan, bi urteko etenaldiaren ostean

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 22a, 12:31

Osasun krisialdian murgildu ginenez geroztik Usurbilgo Euskal Kantu Taldea plazara itzuliko da lehen aldiz, bi urteko etenaldiaren ostean, larunbat honetan, martxoaren 26an.

Azkenekoz, Larreko Mahaiak Zubietako erraustegia geratzeko 2020ko otsailaren 29an Donostian antolaturiko manifestazioan ikusi eta entzun genituen. Easo plazako kioskotik, besteak beste, "baina guztiok batera, erraustegia botatzera. Usteltzen hasia dago eta, laster eroriko da" kantuan. Eta handik gutxira, covid19ak etxeratu egin gintuen. Ordutik ez ditugu berriz kalean ikusi. Ezta entzun ere.

Bi urteren ostean eta udaberriarekin batera, isiltasuna hautsi eta euskal kantuzaletasuna bueltan dator plazara. Usurbilgo Euskal Kantu Taldetik NOAUA!ri berri eman diotenez, bi urteko etenaldiaren ostean, lehen kantu-jira iragarri dute, garai batean bezala, martxoko azken larunbat honetarako. Hilaren 26an beraz, euskal kantuekin girotu eta alaituko dute herria eguerdi partean. 12:00etan jarri dute biltzeko hitzordua Mikel Laboa plazan. Kantu-liburuxka berreskuratu eta hitzordura eramateko eskaera egin diete kantuzale guztiei. Hortik aurrera, Kaxkoan barrena itzulia egingo dute, aspaldiko partez.

Eta bada gehiago ere. Ez dira hitzordu isolatu baterako bilduko soilik larunbat honetan. Entseguei ere berriro ekin diete; garai batean bezala, aurrerantzean, astelehenero elkartuko dira arratsaldeko 18:00etan Agerialdeko musika gelan.