Orbeldi, 10. Dantza Eguna prestatzen

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 22a, 13:05

Dantzari txiki eta helduen topaketekin batera, 10. Dantza Eguna prestatzen ari da Orbeldi. Egun horri begirako pare bat ohar plazaratu dituzte azken orduotan.

Udaberriko agenda hitzordu anitzekin osatzen doa. Bueltan datorren klasiko bat; edizio borobilera heldu dena. 10. Dantza Eguna prestatzen ari da Orbeldi D.T. Ziklo zabalago baten baitan kokatu du aurtengoa; dantzaz gozatzeko hiru egun ezberdin antolatzen ari baitira. Batetik, bosgarren Dantzarien Topaketa apirilaren 30erako, hirugarren Dantzari Txiki Eguna maitzaren 7rako. Eta aipaturiko 10. Dantza Eguna; apirilaren 9an ospatuko dena.

Egun horri begirako pare bat ohar plazaratu ditu Orbeldik. Batetik, eguerdi partean Mikel Laboa plazatik abiatuta egingo duten dantza-kalejiraren ondoren, herri bazkaria antolatu asmo dute Agerialden. Urteotan Orbeldiren bueltan, Dantza Egunean aritu nahiz parte hartu dutenak erakarri nahi dituzte hitzordura. Otordura joan nahi duten guztientzako txartelak Txiribogan eta Artzabalen eskuratu ahalko dira, 15 euroren truke. 25 eurotan kamiseta eta guzti.

Bazkalosterako bestalde, tranpaldo irekia antolatu du Orbeldi Dantza Taldeak. Oholtza eskainiko die, aurrez koreografiaren bat prestatu nahi duen herritar orori. Ekimen honetan parte hartu nahi dutenek usurbildantza@gmail.com helbidera idatzi behar dute.

10. Dantza Eguna, hilabeteotan herriko dantzariak prestatzen ari diren "Hamar" izeneko gaueko ikuskizunak borobilduko du. Eta segidan Rukula, herriko musika taldearen kontzertua. Segidan duzue antolatzaileek udaberri honetako ekintzak iragarriz plazaratu duten kartela.

ORBELDIREN UDABERRIKO HITZORDUAK
Apirilak 9, larunbata: 10. Dantza Eguna
12:00 Dantza-kalejira Mikel Laboa plazatik abiatuta.
14:00 Herri bazkaria Agerialden. 
17:00 Tranpaldo irekia Agerialden.
22:30 "Hamar" ikuskizuna frontoian.
Amaitzean, Rukula taldearen kontzertua.

Apirilak 30, larunbata: 5. Dantzari Topaketa
16:00 Harrera dantza-talde gonbidatuei.
17:00 Kalejira udaletxetik abiatuta.
19:30 Dantza-emanaldia frontoian.
23:30 Erromeria Alaiki taldearekin.

Maiatzak 7, larunbata: 3. Dantzari Txiki Eguna
10:00 Harrera dantza-talde gonbidatuei.
11:00 Kalejira udaletxetik abiatuta.
13:00 Dantza-emanaldia frontoian.
17:30 Dantza gidatuak Ttipika taldearekin frontoian.

Antolatzailea: Orbeldi Dantza Taldea.