Koronabirusa

Asintomatikoek edota sintoma arinak dituztenek ez dute berrogeialdirik egin beharko

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 23a, 10:12

Martxoaren 28tik aurrera, covid19ak eragindako osasun krisialdia kudeatzeko indarrean izan diren zenbait neurri arinduko dituzte.

2020ko martxoaz geroztik murgilduak egon garen osasun krisialdia bestelako fase baterantz trantsizio bide betean dela argi uzten ari dira aspaldi honetan Espainiako Gobernua eta autonomia erkidegoetako gobernuak. Covid19 kasu positiboen eta haien kontaktu estuen berrogeialdien kudeaketa dugu horren guztiaren adibide argietako bat. Berrogeialdiko egun kopurua murriztu zuten lehenbizi, kontaktu estuei berrogeialdia ezabatu gero. 

Azken orduotan autonomia erkidegoak eta Espainiako Gobernua biltzen dituen Osasun Batzordeak berrogeialdiak ezabatzea adostu du baita positibo asintomatikoen nahiz sintoma arinak dituztenen kasuan. Musukoen erabilera eremu guztietan erabiltzea aholkatuko zaie, baita pertsona zaurgarriekin hartuemana saihestea ere. Eremu zaurgarritzat jo daitezkeen zerbitzu soziosanitarioetan edo osasun arreta zerbitzuetan bai, isolamendu eta kontrolerako neurri zehatzak ezar ditzaketela dio estatu mailako osasun batzordeak.

Aldaketok martxoaren 28an, datorren astelehenean indarrean jarri asmo dituzte eta martxan segiko dute, arreta zerbitzuen erabilera neurtzen duten adierazleak maila baxuan egon artean.

Arreta zaurgarrienengan
Aldaketa hauekin koronabirusaren hedapenaren zainketa, proba diagnostikoak egitea eta arreta gunea kolektibo zaurgarrienetan finkatu nahi dute; 60 urtetik gorakoengan, immunodeprimituengan eta haurdunengan. Baita aipatu moduan, eremu zaurgarrienetan, osasun guneetan, eta kasurik larrienetan. Covid19 sintoma arinak dituzten kasuen diagnostikoak, kasuan kasuko beharren arabera kudeatuko dituzte.

Gainerakoan, 2020az geroztik martxan izan dituzten ezohiko zaintza eta kontrolerako egiturei eutsi asmo diete, garaiz detektatu ahal izateko gerta daitezkeen aldaketak, garaiz berrezarri ahal izateko baita kontrolerako neurriak. Ordura arte, koronabiruraren hedapenaren bilakaeran aldaketa nabarmenen bat izan arte, estrategia berri hau izango dute martxan.