18. Soinurbil

Musika Asteko azken hitzordua ospatzeke

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 24a, 08:55

Martxoaren 14rako iragarria bazuten ere, hilaren 28ra atzeratu zuten azkenean Salbatore Elizako organoa ezagutzeko bisita gidatuen arratsaldea.

Zumarte Musika Eskolak antolaturiko 18. Soinurbil ez da amaitu oraindik. Iragan asteko musika astearen baitan bada ospatzeke geratu den hitzordurik. Salbatore Elizako organoa ezagutzeko bisita gidatuak antolatuak dituzte datorren astelehenerako.

18. SOINURBIL MUSIKA ASTEA
Martxoak 28, astelehena

18:00/19:00 Organo erakustaldiak Salbatore elizan.
Zehaztasunak: "Usurbilgo Organoa berezia da. 1907an, Parisen eraiki zuten, Cavaillé-Coll lantegietan. Ospe handiko frantziar baroi bat izan zen haren lehen jabea (l´Espée baroia); Ilbaritzen (Baionatik gertu) zuen jauregirako eskatu zuen organoa eraikitzeko. Lehen Mundu Gerra ondorengo diru-eskasiak zirela eta, baroiak bere ondasun batzuk saldu behar izan zituen, eta horien artean, organo eder hau. 1920 inguruan Usurbilgo Salbatore parrokiak hain baliotsua den tresna erosi zuen zenbait herritarren ahalegin ekonomikoari esker. Honenbestez, 100 urtetik gora egin ditu organoak Usurbilen. Azken urteotan zaharberritze-lan garrantzitsuak egin dituzte Usurbilgo organoan. Joan Luis Atxegaren eskutik Usurbilgo organoa gertutik ikusteko aukera paregabea izango dugu".

Antolatzaileak: Zumarte Musika Eskola eta Usurbilgo Udala.
Laguntzaileak: Salbatore Parrokia eta Gipuzkoako Foru Aldundia.