Tipi-tapa, tipi-tapa... 22. Korrika badator! Astebete barru abiatuko da, martxoaren 31n, Amurriotik. Apirilaren 8an helduko da, goizaldean, 6:24 aldera Aginagara Mapiletik. Etumeta AEK euskaltegitik NOAUA!ri berri eman diotenez, jada ibilbide osoko kilometroak salduta daude, lekukoa hartuko duten eragileak aurtengoan azkar ibili dira erosten.
Korrika osterako txokolate gozoa dastatzeko aukera izango da frontoian. Eta arratsalderako, Kaxkoa zeharkatuko duen ibilbide kultural bat prestatzen ari dira. Herriko artixtak partaide izango dituen ekimena da. Kultur kalejira modukoa, Usurbilgo sortzaileen emanaldiez gozatzeko aukera eskainiko diguten geltokiekin.
Ibilbidea prestatzeko bilera deitu dute ostiral honetarako, martxoak 25, arratsaldeko 19:00etan Etumeta AEK euskaltegian. Parte hartu nahi dutenekin bildu nahi dute, elkarren berri izan eta norberak izango duen parte hartzea zehazteko. Ekarpenik egin nahiko lukeen herritarrik balego, harentzat ere zabalik da biharko hitzordua; ibilbide horretan euskaraz zerbait sortu nahi duenik balego, ostiral honetako bilerara joan besterik ez du.