Urtean bitan egokitzen den moduan, erlojuko orratzak aldatzeko unea itzuli da. Larunbatetik iganderako goizaldean, martxoaren 26tik 27ra alegia, goizaldeko 2:00etan 3:00ak izango dira. Nolabait esatearren, oraingoan ordubete "gutxiago" izango du asteburuko gau honek. Modu honetan, udako ordutegira egokituko gara. Arratsaldeetan, are "beranduago" ilunduko du igandetik aurrera. Ordutegi hau, datorren urriaren 30era arte izango da indarrean.
Ordutegi finkorik ez oraingoz
Ordutegi aldaketokin noiz arte segiko dugun ez da argi oraindik. Europako Parlamentuan gaia eztabaidatu izan dute. Estatu bakoitzari udako edo neguko ordutegian geratzea hautatzeko eskakizuna ere egin zitzaien. Oraingoz ordea ez dago gai honen inguruko erabaki finkorik. Aldaketarik ez bada, asteburu honetan lehenbizi, eta urria amaieran berriz egokitzen segi beharko dugu atzera bueltarik izaten ez duen denboraren neurgailuak.