Elkartasun uholdeak heltzen segitzen du nazioartetik Ukrainara. Eta heldu ez den laguntza bidean izango da; laster baita Usurbilen jasotakoa ere. Gure Pakea jubilatu elkarteak Ukraina-Euskadi garapenerako eta lankidetzarako elkartearekin lankidetzan denetariko oinarrizko gaiak biltzen aritu da azken asteotan Artzabalen duten egoitzan.
Batetik, haurrentzako higiene produktuak, pixohialak besteak beste. Elikagaiak; latak, barra energetikoak, beirazko ontzian egon ez eta galkorrak ez direnak. Azkenik, osasun zerbitzuetarako materiala: hesgailu esterilak, gazak, mantal kirurgiko esterilak, musuko kirurgikoak, arnasketa babesteko musukoak, iraungiak ez dauden sendagaiak.
Herritarren ekarpenak kaxetan jaso eta ostiral goiz honetan furgonetan sartuta Altzara eraman dituzte, laguntza koordinatzen ari diren bilketa gunera. Gero handik Ukraina aldera helaraziko dute laguntza guztia.
Laguntza material honez gain, diru ekarpenak ere egin daitezke ondoko kontu zenbaki honetan:
-Kontzeptua: "Donación".
-Zenbakia: 2095 5001 00 9114437029.
-IBAN kodea: ES 16.
-Swift kodea (BIC): BASKES2BXXX
-Titularrak: "Asociación socio cultural y de cooperación al desarrollo Ucrania-Euskadi"-