Hilabete hasieratik martxan dira Usurbilgo jaiak antolatzeko prestaketa lanak. Aurten bai, festak. Osasun krisialdian murgildu aurreko eran bizi ahalko ditugu Santixabelak. Gogoan izan, ez iaz ezta duela bi urte ere, ez 2021ean ezta noski 2020an ere ezin izan ziren herriko festak ohi bezala ospatu, covid19-agatik. Herri eta auzoetara hedatu zen Kultur Bira izan zen urteotako alternatiba.
Aurrekarion ostean, aurten zer egin erabaki beharra zegoen. Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdi egoera eta neurri murriztaile gehienak bertan behera utziak dituen honetan, martxoaren 2an Usurbilgo jaiak antolatzen hasteko lehen bilera egin zuten Potxoenean. Udalak Usurbilgo jaiak 2019ra arte bezala ospatzeko proposamena egin zien herri eragileei. Herri eragileek baiezkoa adierazi zuten; osasun krisialdiak eragozten ez badu behintzat, jaiak ohiko moduan antolatzeko erabakia adostua dute.
Halere, azken bi urteotako Kultur Biraren zenbait ezaugarri ohiko eredu honetan txertatzeko asmoa agertu dute. Eta 2022an bai, bueltan izango ditugun Santixabelen festa egunak ere finkatu dituzte; ekainaren 29an hasi eta uztailaren 3an amaituko dira. Antolaketa eredua definituta, gainerako xehetasunak lotzen segitzeko hurrengo bilera deitua du baita Jai Batzordeak; astelehen honetan, martxoaren 28an arratsaldeko 18:30etan Potxoenean.