Greba egun gehiago Osakidetzan, apirilaren 8an eta maiatzaren 16an

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 28a, 11:34

"Osakidetzaren inmobilismoaren aurrean", sindikatuek greba egun gehiago deitu dituzte asteotarako. Lehenengoa apirilaren 8an, anbulatorioetan.

Sindikatuek azken aldi luzean eginiko mobilizazio eta greba egunetan Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari eginiko eskakizunei erantzun ez zaiela eta, "Osakidetzaren inmobilismoaren aurrean" greba egun gehiago deitu dituzte ELA, Satse, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek hurrengo asteotarako; apirilaren 8an Lehen Arreta Zerbitzuan, anbulatorioetan alegia. Maiatzaren 16an ospitaleetan. Hitzorduoz gain, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan ere lau greba egun deitu dituzte apirilaren 19tik 22ra.

"Osasun Sailak ez du urrats bakar bat ere egin gure osasun sistema publikoak bizi duen egoera larria iraultzeko", salatu dute sindikatuok. Haien esanetan, "egin duen gauza bakarra izan da EPE eskas baten azterketa datak iragartzea. 1.611 plaza besterik ez daude deituta, duela urtebete eskas behin-behineko 24.600 langile baino gehiago egon arren, 10etik ia 6".

Testuinguru honetan, "inoiz baino argiago dago, propaganda hutsaz gain, ez dagoela aurrera egiteko eta plantillaren lan baldintzak hobetzeko inolako borondaterik. Eta lan baldintza duinik gabe, ez dago kalitatezko osasun zerbitzurik.
Hori gutxi balitz, Osakidetzak ez du aurpegia ematen eta inolako edukirik ez duen Mahai Sektorialaren atzean ezkutatuta jarraitzen du. Gainera, osasun larrialdia amaitu den arren, modu telematikoan egiten saiatzen da, pantaila baten atzean ezkutatuz".

Eta osasun zerbitzu publikoaren egoerak lehengo bidetik segitzen duela salatu dute.  "Lehen Arretak azken hamarkadan pairatu duen desegitearen ondorioak jasaten jarraitzen du: sistematikoki gainezka dago eta askotan, kolapso egoerara heltzen da. Lehen Arretaren etorkizuna dago jokoan, batez ere kontuan hartzen badugu datozen urteetan, premiazko neurririk hartu ezean, egoerak okerrera egingo duela, erretiro asko izango baitira. Gainerako arreta mailek ere jasaten dituzte ondorioak, bai Lehen Arretaren egoera larriaren ondorioak, bai Eusko Jaurlaritzaren osasun politiken ardatz nagusia izan diren austeritate eta lan baldintzen debaluazioaren ondorioak".

Negoziaziorako deia
Bestalde, "Garapen Profesionalerako deialdi berri batera 300 milioi euro baino gehiago" bideratzeko Osasun Sailaren iragarpena ez da bete, ezta Jaurlaritzak elkarrizketarako agertutako borondatea ere.

"Bistan da mobilizazioa dela Osakidetza mugitzea lortzen duen tresna bakarra; izan ere, mobilizazioen intentsitateak behera egiten duen heinean, Osakidetzaren erantzun bakarra inmobilismoa da. Behin eta berriz salatu dute sindikatuek Mahai Sektoriala bide antzua bihurtu dela, eta Osakidetzak propagandarako erabiltzen duela".

Konponbideak bilatzeko negoziaziora deitzen dute sindikatuok Osakidetza. "Benetako negoziazioa eskatzen dute, irtenbide eta hobekuntza zehatzetan islatuko dena. Ildo horretan urratsik egiten ez bada, ez dute berriro Mahai Sektorialean parte hartuko eta mobilizazioekin jarraituko dute".