Hiru atxilotu, Andatzako hilketarekin lotura izan dezaketelakoan

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 29a, 12:09

Hiru lagun atxilotu ditu Ertzaintzak asteburuan, otsailaren 27an Andatzan agertu zen gorpuaren kasuarekin zerikusia izan dezaketelakoan. Haietatik bi espetxeratzeko agindua eman du epaileak.

Gogoan izango duzue, gizonezko baten gorpua aurkitu zuten otsailaren 27an Andatzan. Lehen xehetasunen arabera, indarkeria zantzuak zituen. Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen egun hartan bertan. Hilabete beranduago eman ditu ezagutzera, kasu honi lotutako datu gehiago. Gorpu honen agerpenarekin lotuta, hiru pertsona atxilotu baititu Ertzaintzak iragan asteburuan hiru herri ezberdinetan; 41 urteko gizonezko bat eta 38 eta 35 urteko bi emakume. Epailearen aurrean deklaratu ostean emakumeetako bat eta gizonezkoa Martutenen espetxeratzeko agindu du, homizidio delitua egotzita. Hirugarren atxilotua baldintzapean aske utzi dute, baina gertatu zena ezkutatzea leporatu diote.

Ertzaintzak bideraturiko ikerketaren arabera, hiru atxilotuek hartueman estua zuten Andatzan hilda agertu zen 44 urteko gizonezko donostiarrarekin. Antza, atxilotu guztiek zituzten polizia aurrekariak. Erahildako gizonezkoa urtarrilaren 20an atera zen espetxetik, hil baino egun batzuk lehenago hain zuzen. Gizonezkoa hil eta gero gorpua Andatzaraino eraman zuten ustezko hiltzaileek, aurkitua izan ez zedin, asmo horrekin. Otsailaren 27an ordea, igandea zela, mendian zihoan pertsona batek kasualitatez gorpua ikusi eta aurkikuntzaren berri eman zien Larrialdi Zerbitzuei.

Ertzaintzak ordutik abian duen ikerketaren baitan izan dira asteburuko atxiloketak. Herri ezberdinetara eginiko sarreretan eta miaketetan, besteak beste atxilotuek erabilitako ibilgailu bat antzeman dute eta zabalik jarraitzen duen ikerketarako "interesekoak diren hainbat ebidentzia" bildu dituzte.