ONCE-ko kide helduenen topaleku gaur Usurbil

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 29a, 12:51

Harrera egin zaie eguerdian Mikel Laboa plazan eta gero Saizar sagardotegira joan dira bazkaritara. Osasun krisialdian murgildu ginenetik etenda egondako ekintzak berreskuratzen hasia da modu honetan ONCE Euskadi.

Txistulariekin topo egingo zuen astearte eguerdi honetan Mikel Laboa plazara hurbildu denak. Harrera egin diete autobusez etorri diren bisitariei. Usurbil gaurkoan, ONCE-ko helduen taldeko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kideen topagunea izan da. Gehienak ONCE-ko langileak izandakoak.

"Asmoa da helduek ONCE-rekin duten hartuemana mantentzea, babesa eta laguntza jasotzen segitzea. ONCE haien bigarren etxe gisa sentiaraztea, baita gozamenerako gunea eskaintzea eta desgaitasun bera dutenen artean kontaktu hori izatea", Jabier Rios ONCE Euskadiko lehendakari ordeak NOAUA!ri adierazi dionez.

Pozarren ziren, bi urteotako osasun krisialdiaren ostean helduak ere berriz biltzen hasi direla ikusita. "Urte honetan normaltasunari martxa hartu nahian gabiltza". Pandemiak eta ezohiko garai hau kudeatzeko moduak esan beharrik ez da zer nolako eragina izan duen adinekoen kolektiboan eta tartean, ikusmen desgaitasuna zutenen artean. "Jendea beldurtu da, tamalez bat baino gehiago hil dira. Eta ohiko jarduerekin berriz hastea kosta egin da. Horregatik gaurko ekitaldiak badu sinbolikoki pisu handia".

Alboan
ONCE Euskadiko ordezkariek gogoan dute nola "pandemian ginela milaka telefono dei egin genituen, ONCE gertu sentitzen segi zezaten". Horregatik diotenez, "jendeak eskertu duelakoan gaude eta ekintza hauen eskaria horregatik ona izaten ari da". 

Usurbilen bildu dira gaur, 50 bat lagun Arabakoak, beste hainbeste etorri dira Bizkaia aldetik, 40 bat Gipuzkoatik. Txistulariek harrera egin ostean, Mikel Laboa plazan aurreskua dantzatu zaie eta taldeko argazkia atera dute, Saizar sagardotegira bazkaltzera joan aurretik. "Langile eta boluntarioekin, 180 bat lagun guztira". Urrian Bizkaian txakolinaren bueltan antzeko beste topaketa bat egin asmo dute, eta ardoaren bueltan beste hitzordu bat Araban. ONCE Euskadik urtean zehar kolektibo honekin antolatzen dituen ekintzetako batzuk dira.