Datorren larunbatean, apirilaren 2an gogoratuko da, Hans Christian Andersenen jaioteguna. 1805ean Danimarkan sortutako idazle eta poetak, haurrentzako hainbait ipuin idatzi zituen; tartean, "Ahate itsusia". Bere jaiotegunez oroitzen eta ospatzen da Haur eta Gazte Literaturaren Nazioarteko Eguna, apirilaren 2an. Testuinguru honetan, bi hitzordu antolatu ditu Sutegi udal liburutegiak, Usurbilgo bi sortzaileren eskutik egunotarako.
Ondoko irudiotan duzue, asteartean Ixabel Agirresaroberen ipuin kontaketa saioaz gozatu ahal izan zuten 6-8 urte arteko haurrek liburutegian bertan. Pentsa, 2020ko martxoan osasun krisialdian murgildu ginenez geroztik, liburutegian bertan halako ekitaldi bat ospatzen zuten lehen aldia zen.
Biharamun honetarako, martxoaren 30erako antolatu dute bigarren saioa; Yolanda Arrieta Malaxetxebarriarekin. Asteazken honetan, arratsaldeko 18:00etan hasita, "Bikoteka: irakurketa-kontaketa txokoa" saioa bideratuko du. 4-5 urte arteko haurrei eta haien laguntzaileei zuzendurikoa izango da. Plaza mugatuak izango dira; izena liburutegian bertan bideratu ahalko da.