22. Korrika

22. Korrika bidean

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 31a, 17:02

Abian da 22. Korrika! Amurriotik hasi da aurtengoa, Araban barrena ibiliko da lehen egon honetan. Euskararen aldeko lasterketaren zirrara 24 orduz zuzenean bizi ahalko duzue EITB-k eskainitako seinalearen bidez apirilaren 10era arte. Albiste honetan atxikia duzuen bideoan klikatu besterik ez duzue.

Arabako Amurrion abiatu da ostegun arratsalde honetan "HitzEKIN" aldarripean, euskararen aldeko lasterketa ezaguna. Bertan egin duten eta ETB-k zuzenean eskaini duen hasiera ekitaldia albiste honi atxikitako bideoetako batean duzue. Bestean, bidean den 22. Korrikaren zuzeneko seinalea. Apirilaren 10era arte, 24 orduz zuzenean bizi ahalko duzue zaudeten lekuan egonda ere, AEK-ren ekimen erraldoia.

Amurrion ospatu den hasiera ekitaldiarekin eman zaio hasiera 22. Korrikari. "Heldu da momentua, 22. tantoa egitekoa, 22. Korrika abiatzekoa! Euskaraz garela eta izan nahi dugula aldarrikatzeko unea", antolatzaileen esanetan. Amurrioko AEK euskaltegiko sei irakasleek eraman dute lekukoa lehen metroetan.

"KORRIKA ekimen zirraragarria da eta, horrez gain, KORRIKAren atzean euskararen eta euskaldunen, euskaltzale guztien eguneroko bizitza eta euskaraz bizitzeko nahia dago. Ideia horrekin, eta 6 lagun horien bidez, lehen kilometro horrek islatuko du alde batetik euskaraz bizitzeko kemena; eta bestetik Amurrion euskalduntze-lanak tinko aurrera egiteko KORRIKAk hauspo izan nahi duela", antolatzaileen esanetan.

22. Korrikak Euskal Herria alderik alde zeharkatuko du datozen egunotan; apirilaren 8an helduko da Usurbila. Helmugaratu hemendik gertu, Donostian apirilaren 10ean.

AEK-ren HASIERA EKITALDIKO ADIERAZPENA

Plazak hutsik geratu zitzaizkigun, baina hemen gaude, berriro ere kalean, plazan, errepidera salto egiteko prest. Heldu da momentua, 22. tantoa egitekoa, 22. Korrika abiatzekoa! Euskaraz garela eta izan nahi dugula aldarrikatzeko unea.

Itxi begiak eta amestu nirekin; irudikatu herri bat mugimenduan, herri koloretsu bat, uniformerik gabea, herri bat aurrerantz joaten pausoz pauso. Sentitu ondokoaren arnasa, entzun haren oinak lurraren kontra, “ttakun- ttakun”, txalaparta inprobisatua... Zoruak dar-dar egiten du, milaka urratsen azpian, bizirik; elika gaitezen gure aurrekoek zapaldutako lurraren indarraz. Herri bat mugimenduan; horixe gara, herri bizia eta euskaraz. Eta ADI!: ametsak gauzatu ahal ditugu, Korrika jaio eta 42 urte geroago hemen gaude- eta!

Eta, Korrikak bezala, geuk ere ezin dugu atzerapausorik egin euskararen erronkan, hizkuntza-eskubideetan. Euskaraz biziko bagara, geure hizkuntzaren ezagutza unibertsala bermatu behar dugu, eta ORAIN eraiki behar ditugu horra eramango gaituzten bideak. Beraz, EKIN! Aldeko hitzak hutsalak dira ekintzez erditu ezean: egin dezagun jauzi konpromisoetara, jendarte osoa elkarrekin, nork bere tokitik. Lagun gaitzatela horretan administrazioetatik bideratu beharreko hizkuntza-politikek; abia ditzatela ORAIN hizkuntza-politika egokiak euskarari prestigioa emateko eta lehenesteko. Eta horiek trinko bihur ditzatela, blindatu, ez gaitezen esna bihar gaur baino atzerago epaile edo lege ezjakinen kolpeen erruz.

Bitartean, guk, AEKn, berretsi nahi dugu geure lanean aurrera egiteko konpromisoa. Izan gaitezen euskararen beharginak, XX. mendeko AEK-ko beterano haien ametsaren eskutik; jarrai dezagun aurrera XXI.ean ere, herritarrak euskalduntzeko eta euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzen, ekinaz, hemen ondoan, Tubacexen eta beste hainbat lantokitan erakutsi dizkiguten kemen eta duintasun berberez. Segi dezagun nonahi: Amurrioko euskaltegitik Amikuzeko gau-eskolara, Tafallako euskaltegitik Zallakora, Oreretara edota Trebiñuko eskoletara...

Baina guk bakarrik ezingo genuke aurrera egin: ez gara super-heroiak, ez dugu super-botererik. Zuen bultzada eta babesa ezinbesteko ditugu. Horregatik, eskerrik asko, mila esker, esker aunitz, Amurrioko plaza honetara bildu zaretenoi, dagoeneko errepide zein kaleetan Korrikaren zain zaudeten guztioi, gure ikasle proaktiboei, halabeharrez urrutian gertu izango zaituztegunoi, guri begira ari zaizkigun beste herrialdeetako Korrika ahizpei, eta, batik bat, hitzetatik ekintzetara jauzi egiteko konpromisoa hartu eta hartuko duzuen denoi!

Entzun dezatela Donostian abiatzear garela, HitzEKIN, guztiok elkarrekin!!