Alerta laranja gauerditik aurrera elurragatik, 200 metrotan zuritu dezake

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 31a, 08:06

Alerta laranja ezarri dute datozen egunotarako elurragatik. Usurbilen mendi aldean zuritu dezake ostiraletik larunbaterako tartean. 

Udaberri betean, apirilean muturra sartzear garen honetan elur kontuak albiste. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, elurragatik abisu horia ezarriko dute ostegun iluntzeko 21:00etan hasita Gipuzkoa barnealdean. Eta gauerditik aurrera, ostiral osoan, larunbat goizeko 10:00ak arte alerta laranja. Segidan, abisu horia izango da indarrean berriz.

Elurra bazterrak 1000-1200 metrotan zuritzetik 600-800 metro artean zuritzera igaroko da ostegun iluntze honetan. "Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, sarriago Kantauri isurialdean, non zenbait lekutan prezipitazioa ugaria izango den. Ipar partean baliteke trumoi-ekaitzak jotzea eta txingorra egitea, bereziki egunaren bigarren partean".

Eta adi, ostegun gauerditik aurrera, ostiral osoz eta larunbat goizeko 10:00ak arte alerta laranja izango da indarrean. Honenbestez, apirileko lehen egunean murgiltzearekin batera, are beherago zuritu dezake, 200-300 metrotan. "Egunaren erdiko orduetan 400-500 m inguruan kokatuko da. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, sarriago botako ditu eta prezipitazioa ugariagoa izango da Kantauri isurialdean. Zaparradak trumoitsuak izan daitezke eta txingorra egin dezake, bereziki Kantauri isurialdean", Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez. 

200 metrotan elurrak hiru zentimetroko lodieran zuritzea espero da, 5-15 zentimetrotan 600 metrora, 10-30 zentimetro artean 1000 metrotan. 

Larunbatean atertzera
Larunbaterako dator aldaketa; goizeko 10:00ak arte alerta laranja indarrean izango da elurragatik. "Goizaldean elur-kota 200-300 m inguruan egongo da; goizean igotzen joango da. Egunaren lehen partean zaparrada txiki-ertainak botako ditu; trumoitsuak izan daitezke eta zenbait lekutan ugari egin dezake, bereziki Kantauri isurialdean", ohartarazi du Euskalmet-ek. Egunean zehar gorago zurituko du, 400-500 metro artean lehenbizi eta arratsaldean 500-600 metro artean. Gainera, "egunaren bigarren partean atertzera egingo du".

Giro honetan, Usurbilen, Kaxkoan behintzat ez da elurrik espero, bai ordea, mendi aldean. Herrian, ostegun hau "goibel eta euritsu" joango zaigu. "Trumoi-ekaitzak izan daitezke, txingorrarekin batera. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da; eguneko minimoak azken orduetan neurtuko dira".

Ekaitz giroa ostiralean; "zerua hodeitsu egongo da. Zaparradak sarri botako ditu. Trumoiak jo eta txingorra bota dezake. Ipar-haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura nahikoa edo nabarmen jaitsiko da". Eta larunbatean, "egunaren hasieran zerua hodeitsu egongo da eta euria egingo du. Egunaren erdiko orduetan atertuz joango da eta ostarteak agertuko dira. Ipar/ipar-ekialdeko haizea ibiliko da. Aldaketa handirik ez tenperaturan".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus