Urte amaieratik, San Marko Mankomunitateak, Ecoembesek eta Ecovidriok antolatutako ondoko irudiko "totem informatzaileak" herriz herri dabiltza, mankomunitatean barrena. Udalerri honetara ekarri dituzte azken orduotan; Mikel Laboa plazan edota Oiardo Kiroldegi atarian kokatu dituzte. "Kanpainaren helburu nagusia, herritarrak plastikozko, metalezko eta brik motako ontziak bereiztearen garrantziaz kontzientziatzea da, baita paperezko, kartoizko, beirazko ontziak eta hondakin organikoak bereiztearen garrantziaz ere, bakoitza bere banaketa-lerroetan utziz: horia, urdina, berdea eta marroia", diote San Markotik.
Abenduaren lehenean Errenterian hasi zuten kanpaina mankomunitatea osatzen duten 10 udalerrietan barrena ibiliko da, apirilaren 12ra arte. Ibilbide horretan Usurbila ekarri dituzte azken orduotan.
Usurbilen baino geldoago
San Marko da aipatu moduan kanpaina honen sustatzaileetako bat, Usurbilgoa baino dezente baxuagoa du gaikako bilketaren ehunekoa mankomunitateak. 2020ko datuen arabera, hondakinak birziklatzeko kanpaina %52ko gaikako bilketa duen eremutik, 2021ean hondakinen %87,27 gaika biltzera heldu zen Usurbila ekarri.
Usurbilgo gaikako bilketaren eta San Marko Mankomunitatearen zein Gipuzkoako bataz besteko datuen artean bada alde nabarmenik. Azken bi eremuotan gaikako bilketa urtez urte hazten doan arren, askoz baxuagoa da Usurbilgoarekin alderatuta. 2020an, Usurbilen %86koa zen gaikako bilketa, %52koa San Markon eta %58koa Gipuzkoan. 2009an %71koa Usurbilen, %30ekoaren bueltakoa San Markon eta Gipuzkoan. 2009tik 2020ra beraz, ia bikoiztu egin da bi eremuotan gaikako bilketa.
Baina hemen dator desberdintasun tarte nabarmenena; 2009tik 2020ra, 11 urte behar izan ditu San Marko Mankomunitateak eta Gipuzkoak zituen gaikako bilketa datuak ia bikoizteko. Usurbilek aldiz, hilabete gutxi batzuetan atez ateko bilketari esker bikoiztu baino gehiago egin zuen gaikako bilketa; 2008tik 2009ra, %30etik %71raino. 2009tik 2021erako tartean, ia hirukoiztu egin du udalerri honek hiri hondakinak gaika bildutako ehunekoa.