Koronabirusa

Koronabirus kasuak kudeatzeko informazioa eguneratu du Osasun Sailak

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 31a, 11:49

Covid19-agatik indarrean ziren isolamenduak ezabatu dira aste hasieratik. Testuinguru berri honetan, orain arte egiten zuen kasu berrien udalerrikako zenbaketa eten du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak momentuz ez du ostegunero moduan koronabirusaren hedapenari lotutako datuak eguneratzen dituen txosten epidemologikorik argitaratu. Eta ez da espero kasuen zenbaketaren berri gehiagorik izaterik, astelehenaz geroztik indarrean diren aldaketen ostean. Gogoan izan, covid19-a izan baina asintomatikoak direnek edota sintoma arinak dituztenek aurrerantzean ez dute isolatu beharko. Hala erabaki zuen Espainiako Gobernua eta autonomia erkidegoetako gobernuak biltzen dituen estatu mailako Osasun Batzordeak iragan astean.

Kolektibo zaurgarrietan jarri nahi dute arreta. Kolektibo zaurgarriak dira 60 urtekoak edo gehiagokoak, immunodeprimituak, haurdun dauden emakumeak, eremu kalteberetan bizi edo eremuotan daudenak, pertsona zaurgarrien zaintzaileak, beheko arnasbideetako infekzio akutua duten eta ospitaleratzea behar duten pertsonak...

Zaurgarri izan edo ez, kudeaketa modu desberdina
Aldaketok martxan izanda, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eguneratu egin du covid19-a izanez gero, egoera kudeatzeko egin beharrekoak azaltzen dituen web orrialdea, euskadi.eus ataria. "Covid-19, Eusko Jaurlaritzaren informazioa eta neurriak" izeneko atalean klikatzen baduzue, "Nola jokatzen dut?" izeneko ataleko informazioa da hain zuzen testuinguru berrira egokitu dutena.

Aldaketa nabarmenak daude zehaztasunetan. Kolektibo zaurgarri bateko kide izan edo ez, hor dago gakoa orain. "Kolektibo kalteberakoa bazara", Jaurlaritzak ohartarazten duenez, sintomak izanez gero orain arte edonork bete behar zuen inprimakia osatu behar da, "Osakidetzak proba diagnostiko egin diezazun. Osakidetza zurekin harremanetan jarriko da (SMS/dei bidez), probaren hitzorduaren berri emateko". Bitartean, "arretaz ibili eta murriztu ahalik eta gehien gizarte-elkarrekintzak". 

Aldiz, "kolektibo kalteberakoa ez bazara", arretaz ibili eta sintomak zaintzeko eskatzen du Osasun Sailak. "Sintomek okerrera egiten badute edo sintoma larriagoak agertzen badira, besteak beste, arnasa hartzeko zailtasuna, sukar altua 4 egun baino gehiagoz, eztul oso gogorra", orduan bai medikutara jotzeko eskatzen du Osasun Sailak.

Kontaktu estua edota positibo direnen kasuan ere modu berean jokatzea galdegiten du. "Ohartarazi kontaktu estuak zure egoeraz, sintomak agertzen ote zaizkien zaintzeko", gaineratzen dute Osasun Sailetik.

Soilik pertsona zaurgarrien zaintzaileei edota eremu zaurgarri batean (gune soziosanitario edo sanitario itxietan) lan egiten dutenei sintomak hasi ostetik lehen bost egunetan lanera joan ez eta laneko baja eskatzea galdegiten zaie. "Denbora hori igarota, betiere sintomak desagertu direnetik 24 ordu igaro badira, beste proba diagnostiko bat egingo duzu". Kontaktu estuen kasuan, "kalteberatzat hartzen diren eremuetan baino ez dira identifikatuko. Helburua da talde kalteberakoak direnak babestea eta diagnostiko goiztiarra egitea, transmisioa kontrolatzeko, bai kalteberen artean bai eremu horiekin lotura duten beste pertsona batzuetatik abiatuta".