Duintasuna Gipuzkoako jubilatu eta pentsiodunen elkarteak eta Gaur Geroa elkarteak deituta batzarra egin dute Usurbilgo kultur-etxean. 2021eko balantzea eta aurrera begira jorratu beharreko bidea mintzagai izan dute ostegun goiz honetan Sutegin.
Prezioen garestitzea, bizi-baldintza duinen aurka
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bestalde, iragan astean egindako batzarrean salatu zutenez, "elektrizitatearen, erregaien eta elikagaien prezioa garestitzeak bizi-baldintza duinak lortzeko ditugun aukerak murrizten ditu".
Otsaileko KPIa %7,4 igo ostean, kezka agertu dute. "2020an pentsioen %27,3 pobreziaren mugaren azpitik zeuden (688 euro) eta %50 baino gehiago 1.000 eurora iristen ez badira, beldur gara 2021eko pentsioetan erosteko ahalmena %3 galdu ondoren eta 2022an pobrezia-egoera hori galduko bada".
Errenten itunarekiko ez dira fio. "Tranpa bat da, gerra baten aitzakian soldatak eta pentsioak murriztea helburu duena". Soldaten eta pentsioen doikuntza eta enpresen mozkinen hazkundea ez dute koiunturaltzat jotzen, "egiturazkoak baitira eta kostuak murrizteko eta etekinak hobetzeko enpresa-estrategia eta korporatiboaren parte baitira". Zenbait datu aipatzen dituzte adibide moduan: soldata-errentek estatuko Barne Produktu Gordinean duten pisua 2009ko %66,6tik 2020ko %48,47ra murriztu dela, Ibex 35 indizeko enpresek 50.000 milioi euro mozkin baino gehiago eskuratu zituztela edota bankuek 16.676 milioi euroko irabaziak, argindar enpresek mozkinen %23ko igoera (6.000 milioi euro) kontsumoa %6ra jaitsi arren....
Egoera honen aurrean, "pertsona guztiek funtsezko ondasun bat, elektrizitatea, eskura izango dutela bermatzeko neurri zehatzak eta premiazkoak eskatzen ditugu; gizarte-larrialdiko kontua da, eta erakunde publikoek muturreko neurriak hartu behar dituzte". Erakundeek "egiten dutena baino askoz gehiago egin dezakete prezioen hazkunde neurrigabea bultzatzen duen espekulazio finantzarioa eteteko". Besteak beste, funtsezko zerbitzua den heinean, "kontrol publikoaren pean egon behar du, eta ez oligopolio elektrikoaren zerbitzura".