22. Korrika

Korrikaren materiala salduz, Udarregiko LH 6-ko ikasleak AEK-rentzako laguntza biltzen

Noaua Aldizkaria 2022ko martxoaren 31

Apirilaren 6ra arte arrakastatsua suertatzen ari den AEK laguntzeko postua egokitu dute Udarregi Ikastolako LH6-ko ikasleek Agerialden. Korrikaren petoak saltzen ari dira egunotan.

Urtero elkartasun proiektu bat lantzen dute eta aurtengoan AEK laguntzea erabaki dute, une eta modu ezin egokiagoan. 22. Korrika bidean den honetan, euskararen aldeko lasterketari lotutako materiala saltzen ari dira egunotan Udarregi Ikastolako LH 6. mailako ikasleak. Astelehenetik ostiralera, arratsaldero aurkituko dituzue 16:20-16:45 artean Agerialde sarreran apirilaren 6ra arte, pinak eta petoak saltzen. Saltzeke geratzen zaiena; pinak agortu zaizkie eta peto guztiak saltzeko askorik ez zitzaien falta gaur.

Aipatu moduan, salmenta honetatik jasotako dirua AEK laguntzera bideratuko dute. Korrikak Usurbilen egin duen ibilbide zatiaren baitan, kilometro bat erosi dute hain zuzen. Lekukoa beraz Udarregiko LH 6. mailako ikasleek eramango dute, Kaxkoan hain zuzen; Bordatxo parean hartu eta herri erdiguneari itzulia emango diote. Erosketa hau laguntzeko errifak saltzen ere aritu dira.

Bezperan, Ikastolako gainerako mailetako ikasleekin batera, Korrika Txikian parte hartuko dute baita. Apirilaren 7an, bazkalostean, 14:30etan hasita.