Ekaitz giroa nabari da jada errepide eta kaleetan

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 1a, 09:47

Ekaitz eta negu giroa izango dugu datozen orduotan. Elurra 200 metrotan egin dezake. Alerta laranja ezarri dute larunbat goizera arte.

Udaberri betean garen arren, negu giroa apirileko lehen egun honetan. Ondoko irudiko kazkabar jasarekin esnatu da ostiral hau herria. Bazterrak gogotik zuritu ditu, bai mendi inguruak baita herriko kaleak ere. Eta lehen arazoak ere eragiten hasia da azken orduotako ekaitza. Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzatik ohartarazi dutenez, arazoak sortu dira A-8 autopistan Usurbil parean, Aritzeta inguruan. Hainbat autoren arteko istripua jazo da eta ezbeharrak 6 kilometrorainoko autoilarak eragin ditu. 

Giro honetan segiko dugu datozen orduotan ere. Larunbat goizeko 10:00ak arte elurragatik alerta laranjan. 200-300 metro artean zuritu dezake, "egunaren erdiko orduetan 400-500 m inguruan kokatuko da. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, sarriago botako ditu eta prezipitazioa ugariagoa izango da Kantauri isurialdean. Zaparradak trumoitsuak izan daitezke eta txingorra egin dezake, bereziki Kantauri isurialdean". 200 metrotan hiru zentimetrotako lodieran zuritu dezake elurrak, 5-15 zentimetro artean 600 metrotan, 10-30 zentimetro artean 1000 metrotan.

Larunbat goizaldean berriz ere beherantz egin eta 200-300 metrotan zuritu dezake elurrak. Segidan, larunbat goizean, "goizean igotzen joango da. Egunaren lehen partean zaparrada txiki-ertainak botako ditu; trumoitsuak izan daitezke eta zenbait lekutan ugari egin dezake, bereziki Kantauri isurialdean". Larunbat goizeko 10:00etan hasita egun osoz alerta laranjatik abisu horira arinduko dute alerta maila. "Elur-kota 400-500 m inguruan egongo da; igotzen joango da arratsaldean 500-600 m inguruan kokatu arte. Egunaren bigarren partean atertzera egingo du". 

Giro honetan, Usurbilen, herri gunean elurrik ez da espero, mendi inguruetan zuritu dezake. Ekaitz giroa bai ordea. "Zaparradak sarri botako ditu. Trumoiak jo eta txingorra bota dezake. Ipar-haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura nahikoa jaitsiko da", ostiral honetan, Euskalmet meteorologia agentziaren arabera. Larunbatean, "egunaren lehenengo partean, goibel eta euritsu. Egunaren bigarren partean atertuz joango da eta ostarteak agertuko dira. Ipar/ipar-ekialdeko haizea ibiliko da. Aldaketa handirik ez tenperaturan". Igandean giro lasaiagoa. "Zerua hodeitsu egongo da eta noizbehinka zaparradak botako ditu. Haize ahula eta aldakorra ibilko da; arratsaldean ipar-ekialdetik finkatu eta indartu egingo da. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira, maximoetan aldaketarik ez".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus