Sagarrondotik Sagardora ikastaroko saioa gaur

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 1a, 07:13

“Garbitasuna Sagardoaren kalitatearen lagun” eta “Sagardoa egurrezko ontzietan. Sagardoaren historia bat, zer ikasteko?”  saioak antolatu dituzte ostiral honetan.

Alkartasuna baserritarren kooperatibak antolatu duen ikastaroak aurrera darrai. Ostiral honetan, apirilaren 1ean, bi gai hartuko dituzte hizpide. Egoitz Zapiainek “Garbitasuna Sagardoaren kalitatearen lagun” izeneko saioa eskainiko du. Jakoba Errekondok aldiz, “Sagardoa egurrezko ontzietan. Sagardoaren historia bat, zer ikasteko?” galderari erantzungo dio. Ostiral honetan, 15:30ean hasita, Potxoenean. Sarrerak: usurbilkultura.eus plataforman eta alkartasuna.eus web orrian dituzue eskuragarri.

Urte osoko agenda kalean
Apirileko lehen egun honetako ikastaroa, "Usurbil, Sagarraren bihotza, Sagardoaren kultura. 2022" agendaren baitan iragarria dator. Egunotan banatu dute etxez etxe, sagar forma izan eta sektore honi lotuta aurtengorako eragile talde batek (Sagardoaren Unibertsitatea, Alkartasuna Baserritarren Kooperatiba, NOAUA! K.E., Sagardo Egunaren Lagunak, Usurbilgo Udala, Euskal Sagardoa eta Sagardoa Route laguntzaile dituztela) iragarri dituen ekintzen sorta. Maiatzerako esaterako, hitzordu bat baino gehiago deitu dira; sagardo berriaren dastaketa gidatua maiatzaren 12an, "Ilargia eta egutegi biodinamikoa" hizpide duen Sagarrondotik Sagardora ikastaro zikloko saioa... eta bai, Sagardo Eguna ere iragarria dakar agenda berezi honek, maiatzaren 22rako hain zuzen.

Uda parterako Sagarrondotik Sagardora zikloko saio gehiago; "sagastien udako kimaketa" edota "fruitu arbolen udako edo begiko txertaketa" hizpide duten saioekin. Irailerako etxean sagardoa egiteko hastapenak edota etorkizuneko sagastien diseinuari buruzkoak, baita etxean muztioa egiten ikasteko tailerra ere.

Urrirako sagardotako sagarren erakusketa eta bertso-ibilaldia herriko sagastietan barrena. Urtea San Tomas Azokarekin agurtuko dugu. Aurretik, "sagarra eta sagardoa sukaldean" izeneko tailerra eta sagargintza eta sagardogintza ekologikoari buruzko "Sagarrondotik Sagardora" zikloko urteko azken saioa programatu dute azarorako.