Igepak-eko langileak greban

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 1a, 13:32

Lan hitzarmena negoziatzeko adostasunera ez dira heldu eta hitzarmen duin bat galdegiteko grebara jotzea erabaki dute langileek. Igepak-eko beharginak lantegi atarian dira gaur.

Martxoaren 11n egin zuten lehen lan uztea, hitzarmen duin bat galdegiteko. Negoziazioetan emandako urrats eskasengatik mobilizazio zaratatsua deitu zuten ostiral hartan. Ordutik enpresako zuzendaritzarekin biltzen segi dute. Azken saiakerak egunotan egin dituzte, baina langileen batzordetik NOAUA!ri berri eman diotenez, "ez dugu akordiorik lortu Igepak-en enpresa-ituna negoziatzeko".

Langileak bildu eta ostiral honetan greba egitea erabaki dute. Goizeko 5:30az geroztik, egun osoz lantegi atarian mobilizatuak daude langileak. Zumartegi industriagunerako sarbidean eseki dituzten pankartetan argi ikus daiteke zeintzuk diren langileon eskaerak. Lan hitzarmen duina galdegiten ari dira. "KPI gabe ez dago akordiorik" dio lantegi atariko aldarrietako batek.

Mobilizazio zaratatsua egiten ari dira. Bertatik igarotzen ari diren kamioilarien elkartasuna jasotzen ari dira. Momentuz, gaurko deitu dute soilik greba eguna. Astelehenean lanera itzultzekoak dira. Baina enpresarekin akordiorik erdiesten ez badute, datorren ostegunean, apirilaren 7an berriz ere grebara itzultzekoak dira eta lan uzte horri eusteko asmotan dira, udaberriko oporraldiko jai egunak heldu arte. Apirilaren 7an, 8an, 11n, 12an eta 13an beraz greba egitekotan dira.

Eta egunok igarota akordiorik ez balego, ez dute baztertzen greba mugagabeari ekitea.