Usurbil Futbol Taldeak urte luzez kirol txokoak antolatu izan ditu udaberriko oporraldian. Haur, gaztetxo eta nerabeek denetariko jolas eta kirol ekintzez gozatu ahal izan dute covid19a gure artera heldu aurreko urteetan. Ate joka dituzten datozen jai egunetarako egitasmoa berreskuratu eta indartzea erabaki dute orain; antolakuntza lanetara hiru kirol eragile batu baitira. Usurbil Futbol Taldeaz gain, Pagazpe pilota elkartea eta eskubaloi taldeen bilgunea den Usurbil Kirol Elkartea.
Apirilaren 19tik 22ra, goizez, 10:00-13:00 artean, Usurbilgo Kirol Astea antolatu dute LH-ko ikasleentzat. Apirilaren 10era arte irekia egongo den izen ematea zabaldu berri dute. Albiste honetan beherago duzuuen estekan klikatuta eskuratu daitekeen formularioa bete baino ez da egin behar.
Kirol taldeen jardueren erakusleiho
Eguneko kirol jarduera ezberdin bat egingo dute, antolakuntzan parte hartzen ari diren kirol elkarte bakoitzaren jardunaren erakusleihoa izango da. Alegia, egun batean pilotari lotutako jardueretan parte hartuko dute gaztetxoek, hurrengoan eskubaloian jardungo dute eta beste egunotako batean futbolean. Lau eguneko kirol jardueren astea, ibilaldi batekin borobildu asmo dutela berri eman dio antolakuntzak NOAUA!ri.
Ohiko kirol azpiegituretatik atera nahi dute gainera; eta jarduerok herriko txoko ezberdinetan egin. Ahal dela, aire libreko espazioak baliatu asmo dituzte.
Helburu argi batekin; haur, gaztetxo eta nerabeen artean kirola sustatzeko. Eta ikasturtean zehar kirol jardueraren batean parte hartzen ari diren bati baino gehiagori, oporretako bi asteko etenaldia laburtzeko aukera eskainiko die ekimen honek. Bestela esanda, oporretan ere gustuko duten kirol jardueretan aritzeko aukera, baita beste jarduera batzuk probatzekoa ere. Helburu beraren alde lanean diharduten eragileak dira egitasmo honen bueltan batu diren herriko hiru klubak.
Usurbilgo Kirol Astea
Epea: apirilak 19-22.
Ordutegia: 10:00-13:00.
Biltzeko hitzordua: 10:00etan Usurbilgo frontoian.
Nori zuzendua: LH 1-6 mailetako ikasleei.
Izen ematea: apirilaren 10era arte, https://forms.gle/
Antolatzaileak: Pagazpe Elkartea, Usurbil Kirol Elkartea eta Usurbil Futbol Taldea.