Gorputza mugitzen hasteko astebete baino ez. Bueltan dator Dantza Eguna. Orbeldiren ekimen ezaguna dagoeneko 10. ediziora heldu da. Eta zenbaki borobil hau, hamarkada honetan bidelagun izan dituenekin partekatu nahi du apirilaren 9an. Horretarako antolatu dituzte, besteak beste, eguerdiko dantza-kalejiraren osterako, herri bazkaria eta tranpaldo irekia Agerialden. Atzoko eta gaurko kide, zaletu, herritarrekin batu nahi dute otorduan. Bazkalostean, koreografiaren bat plazaratu nahi duen orori eskuragarri jarri nahi diote oholtza.
Bi ekintza hauetarako izena ordea aurrez eman beharra dago. Herri bazkaritarako txartelak 15 eurotan (25 eurotan kamiseta eta guzti) eskura ditzakezue Txiribogan eta Artzabalen, igande hau, apirilaren 3a baino lehen. Bazkalosteko tranpaldo irekirako izena aldiz usurbildantzan@gmail.com helbidean eman beharra dago. Dagoeneko zenbait gaztetxo eta heldu animatu dira parte hartzera.
"Hamar"
Eguna, Orbeldi hilabeteotan ontzen aritu den "Hamar" herri ikuskizunak borobilduko du. Herriko dantzari, antzezle eta musikariek parte hartuko dute hitzorduan. Izenburuak noski, Dantza Egunaren edizio borobilari egiten dio erreferentzia zuzena eta helburu argi bat du aurtengoan; ikusten ez dugun beste alde hori erakustea. Emanaldia plazaratu aurretik landu beharreko prozesua alegia, prestaketena. Atzean dagoen lanketa, ezkutuen geratzen den alderdi hau plazaratu asmo dute.
Emanaldi osterako Rukularen kontzertua antolatu dute baina emanaldi horrekin ez da agurrik izango. Hurrengo asteetarako beste bi hitzordu antolatuak baititu Orbeldik. 5. Dantzari Topaketa iragarri dute apirilaren 30erako, 3. Dantzari Txiki Eguna maiatzaren 7rako.
ORBELDIREN UDABERRIKO HITZORDUAK
Apirilak 9, larunbata: 10. Dantza Eguna
12:00 Dantza-kalejira Mikel Laboa plazatik abiatuta.
14:00 Herri bazkaria Agerialden.
17:00 Tranpaldo irekia Agerialden.
22:30 "Hamar" ikuskizuna frontoian.
Amaitzean, Rukula taldearen kontzertua.
Apirilak 30, larunbata: 5. Dantzari Topaketa
16:00 Harrera dantza-talde gonbidatuei.
17:00 Kalejira udaletxetik abiatuta.
19:30 Dantza-emanaldia frontoian.
23:30 Erromeria Alaiki taldearekin.
Maiatzak 7, larunbata: 3. Dantzari Txiki Eguna
10:00 Harrera dantza-talde gonbidatuei.
11:00 Kalejira udaletxetik abiatuta.
13:00 Dantza-emanaldia frontoian.
17:30 Dantza gidatuak Ttipika taldearekin frontoian.
Antolatzailea: Orbeldi Dantza Taldea.