Autobus zerbitzua, Baztango Gazte Martxara

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 2a, 08:44

Usurbilgo Ernaik berri eman duenez, autobus zerbitzua antolatu da Usurbildik bi aste barru Baztanen barrena ospatuko den Gazte Martxara joan eta etortzeko.

Apirilaren 14tik 17ra Gazte Martxa iragarri du Ernai gazte antolakundeak Baztanen, Amaiurko gazteluaren setioaren bostehungarren urteurrenari keinu eginez, "BostEHun eta zutik!" aldarripean; Zugarramurdi, Erratzu eta Elizondo lotuko ditu. Iruñean amaituko da. "Dantzatu, abestu eta oihu egingo dugu, Baztango kaleak arakatu eta bideak elkarrekin zeharkatuko ditugu", iragarri dute antolatzaileek.

Gazte Martxara joan eta etortzeko autobus zerbitzua izango da Usurbildik, Ernai gazte antolakundetik aditzera eman dutenez. Izen emateako aukera Aitzagan, Txiribogan eta Txirristran eskaintzen ari dira. "Gerturatu bertara eta izena eman! Animatu! Usurbildik talde polita goaz eta!", iragarri dute sare sozialen bidez.

Tailerrak, hitzaldiak eta ikuskizun anitz antolatu dituzte, kontzertuekin batera. 31 taldeek parte hartuko dute, tartean Usurbilgo Rukulak: Streetwise, Nikotina, McOnak, Perlata, Willis Drummond, Crim, Tremenda Jauria, Skakeitan, Xiberoots, Kaleko Urdangak, Liher, Rukula, La Furia, Yare Collective, Aiaraldeko Sound System, Ibil Bedi, Sua, Tribade, Iruñerria Jamaica Clash, Pleura, Marta & Herbass, Romea, Silitia, Dupla, DJ Reimy, XSakara, Skabidean, Erroka, Madame Birrots eta Iheskide taldeek. Sarrerak eta bonoak bibe.me atarian eskura daitezke jada.