Dantza batean eta korrika bizian datorkigu apirileko kultur agenda

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 2a, 12:10

Biziago, mugituago ezin. Lasterka eta dantza batean datorkigu apirileko kultur agenda. Usurbilgo Udalak egunotan etxez etxe banaturiko eskuorrian ikus dezakezuen moduan, bi ekintza nagusi izango ditugu datozen egunotan; 22. Korrika eta 10. Dantza Eguna.

Euskararen aldeko lasterketari dagokionez, aste osoan zenbait ekintza izango dira, bereziki ikastetxeen bueltan. Datorren ostiralean, apirilaren 8an helduko da 22. Korrika gure artera. Goizaldean, 6:24 aldera sartuko da Aginagako Mapiletik. N-634 errepidetik Usurbila gero. Kaxkoa, Kalezar, Bizkarre, Santuenea eta Zubieta zeharkatuko ditu. Tarte honetan guztian zehar, herri eragile anitzek eramango dute lekukoa.

Korrika igarota, gosaltzeko txokolate gozoa Zubietan, Usurbilen eta Aginagan. Eta arratsaldean ibilaldi kulturala, herriko artixten eskutik. Korrika Eguna izango da apirilaren 8a, eta biharamunekoa, apirilaren 9koa, 10. Dantza Eguna. Edizio borobil askoa prestatu du Orbeldik. Ekintzak egun bakar batean bildu ordez, hiru egunetara zabaldu eta udaberri parterako zikloa osatu du; apirilaren 30ean 5. Dantzarien Topaketarekin eta maiatzaren 7an 3. Dantzari Txiki Egunarekin. Hasteko ordea, hamargarren ediziora heldu den Dantza Eguna hilaren 9an. Dantza-kalejira batekin ekingo diote. Segidan hamarkada honetan bidelagun izan dituzten guztiekin, herriarekin ospatu nahi duten herri bazkaria Agerialden eta dantza egin nahi duenarentzat oholtza bazkalosteko tranpaldo irekian. Eguna borobiltzeko, Orbeldik hilabeteotan ondutako eta ikusten ez dugun prestaketen alorra plazaratu asmo duten "Hamar" herri ikuskizuna frontoian.

Gironako musika eskolakoen bisita
Asteburu benetan mugitua datorkigu. Dantza eta korrika saioen artean, musikarentzako tartea ere egongo da. Zumarte Musika Eskolarekin egingo duten trukaketaren baitan, Gironako La Selva eskualdeko "Orquestra Jove de la Selva"-ko kideak datoz gure artera; hilaren 8an harrera egingo zaie udaletxe aurrean eta Dantza Egunean, kontzertua eskainiko dute bi eskolek frontoian. Musika kontuekin segita, apirilaren 9an bertan, gauez, azken aldian sarritan antolatzen ari diren kontzertu gau berria Aginagako Eliza Zaharra elkargunean, Lamiak eta Rodeo taldeekin.

Datorren aste mugitu eta biziaren ostean, udaberriko oporraldian murgilduko da bat baino gehiago eta herri bizitzan ere nabariko da. Apirileko bigarren hamabostaldirako eskaintzarik ez da faltako ordea. Apirilaren 14tik 17ra Baztanen ospatuko den Gazte Martxara joan asmo dute hainbat usurbildarrek eta autobus zerbitzua antolatu dute. LH-ko ikasleentzat bestalde, Usurbilgo Kirol Astea antolatu dute Pagazpe pilota elkarteak, Usurbil K.E.-k eta Usurbil F.T.-k apirilaren 19tik 22ra, adin tarte honetan kirol zaletasuna sustatzeko. Izen ematea zabalik dute jada.

"Geuretik Sortuak" egitasmoko bi lan
Apirileko azken bi astebururako kultur hitzordu gehiago. Hasteko, iazko Laboaren Uztaila zikloaren baitan, iragarria egon arren, azkenean kontzertua eskaini ezinean geratu zen Garazi Navas Sutegin entzuteko aukera izango dugu apirilaren 24an. Hilaren 30ean, udazken partean Txokoalde inguruan egindako itzulia errepikatuko dute, oraingoan Aginagako goiko sagastietan. Bertso-ibilaldia Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariekin, eta Jakoba Errekondo paisajistaren argibideekin. 

5. Dantzari Topaketa ospatuko den egun hau borobiltzeko, "Eresia: Lurra arin bekizu, ama" antzezlana Sutegin. Dolua hizpide duen lan hau Udalbiltzaren "Geuretik Sortuak" egitasmoaren baitan ekoitzi zuten iaz. Euskarazko sorkuntza bultzatzea xede duen ekimen honen bueltan bideratu zuten baita "Bost teilatu" film laburra, apirilaren 10ean Sutegin ikusi ahal izango duguna.

Hileroko dinamikari segita, Sareren azken ostiraleko mobilizazioarekin batera, Anerreka ingurumen elkarteak hitzaldia antolatu du apirila amaieran;  "Desazkundea: patu saihestezina nola bihurtu emantzipazio bide". hizpide izango duena. Joseba Azkarraga Etxagibel soziologian doktorea gonbidatu dute hitzordura.

Apirileko hitzorduak, web orrialde honetako "Agenda" atalean kontsulta ditzakezue.