Errenta euskaraz aitortzeko deia

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 4a, 08:21

Ogasunarekin diru kontuak euskaraz argitzeko deia egin dute UEMA-k eta Foru Aldundiak, gaurtik abian den errenta aitorpenaren kanpainara begira.

Ogasunarekin diru kontuak argitzeko garaia heldu da. Errenta aitortzeko kanpaina abian izango da astelehen honetatik aurrera. Eta gogoan izan, tramiteok euskaraz bideratzeko gonbita luzatzen du urtero Usurbilgo udalerria kide duen UEMA-k eta Aldundiak berak.

Hiru dira errenta aitortzeko dauden bideak, eta guztietan euskaraz egiteko aukera dago. Autolikidazio proposamena jasotzen duenak, telefonoz nahiz internet bidez onartzerakoan euskaraz egin nahi dela adierazi eta “aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu”. Internet bidezko modalitatean, “errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi Internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara hautatu. Aholkularitzaren bat aukeratzen baduzu, berariaz adierazi beharko duzu aitorpena euskaraz egin nahi duzula. Beste modu batean egiten baduzu, finantza erakunde batean esaterako, euskaraz egiteko eska dezakezu”. Errenta mekanizatuaren kasuan, hitzordua eskatzerakoan Ogasunarekin euskaraz harremandu nahi dela adierazi daiteke.

Aipatu moduan, astelehen honetan abiatuko da errenta aitortzeko aurtengo kanpaina. Segidan dituzue kontuan hartu beharreko datak eta errenta aitortzeko aukeran dauden modalitateei buruzko zehaztasunak:

Errenta aitorpenaren datak
-Apirilak 4-ekainak 30: errenta autolikidazio proposamenak onartzea.
-Apirilak 7-ekainak 30: errenta eta ondarearen Internet modalitatearen epea.
-Apirilak 19-ekainak 30: errenta mekanizatuaren aurkezpena.
-Apirilak 12-ekainak 8: errenta mekanizaturako hitzordua eskatzea.

Errenta aitorpena, modalitateak
-Proposamena: "2022/03/29tik 2022/04/16ra bitartean, 250.000tik gora proposamen bidaliko ditugu, apurka-apurka, postaz (aitorpen guztien erdia baino gehiago). Departamentuaren webgunean eta gure bulegoetan ere eskuratu ahal izango dira. Proposamenarekin ados izanez gero, onartu egin behar da telefonoz edo internet bidez".
-Mekanizatua: telefonoz edo internet bidez hitzordua aurrez eskatuz gero, aitorpena egiteko laguntza zerbitzua eskainiko du Ogasunak bere bulegoetan.
-Internet: "gure laguntza programaz baliatuta" online egin daiteke aitorpena. 

Informazio gehiagorako: gipuzkoa.eus