Udal dirulaguntza gehienetara eskabideak aurkezteko azken eguna astearte hau

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 4a, 08:03

Martxoaren 8ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zituen Usurbilgo Udalak herritar nahiz eragileen esku jarri dituen diru-laguntza lerro ezberdinei buruzko xehetasunak. Hainbat lerroetan eskabideak egiteko epea astearte honetan, apirilaren 5ean itxiko da. Gogoan izan, "elkarteek, pertsona juridiko gisa, telematikoki eskatu beharko dituzte dirulaguntzak, legeak hala ezarrita”.

Udal dirulaguntza lerroak
Desgaitasuna edota mendekotasuna duten adin txikikoen osasun egoera hobetzeko tratamenduetarako dirulaguntzak
Xedea:
tratamenduon kostua edo kostuaren zati bat diruz laguntzea. Hauek: fisioterapia, terapia okupazionala, osteopatia, logopedia, psikomotrizitatea, psikoterapia-psikologia, terapia bereziak eta optometria-terapia bisualak.

Gizarte bazterkeria egoerak saihesteko
Xedea:
Pertsonen autonomia sustatzea eta mendetasun-, babesgabezia- eta bazterketa-egoerek pertsonei eta familiei sortzen dizkieten beharrizanei aurrea hartu eta erantzutea eta pertsonen, familien eta taldeen gizarteratzea sustatzea. Larrialdi-egoerek pertsonei eta familiei eragiten dizkieten beharrizanei aurrea hartu eta erantzutea.
Informazio gehiago: martxoaren 18ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.

Deserrotze eta baztertze sozialeko arriskuan diren pertsonen senideentzako laguntza
Xedea:
joan-etorri gastuetarako laguntza Usurbildik kanpo dauden pertsonen senideentzat eta erabaki judizial bat betetzearen ondorioz zentro psikiatriko batean, kartzelan edo drogamenpekotasun zentro batean aldi batez haien ingurune familiarrera etorri ez diren pertsonen senideei.

Hasiz Hazi Beka
Xedea:
Kabienen urtebeteko egonaldia diruz laguntzea proiektu bat garatzen ari den Beterri-Buruntzako ekintzaileari. Gehieneko zenbatekoa, 1089 euro.
Oharra: eskaeren lehen ebazpena maiatzaren 31n eta bigarrena irailaren 30ean jakinaraziko da.

Merkataritza lokal hutsetan jarduera ekonomiko berri bat jartzeko
Xedea:
lokalaren alokairu edo erosketa gastuak ordaintzeko laguntza.
Laguntza: gehienez  5.500 euro hasierako gastuetarako. Gehienez 300 euro hilero alokairua lehen urtean ordaintzeko, gehienez 200 euro bigarren urterako.
Zehaztasunak: lehentasuna izango dute herritarrei eskaintzen ez zaizkien zerbitzuekin lotura duten proiektuek. Baita ixtera doazen edo itxi berriak izan diren jardueren jarraipenekoak diren proiektuek.
Oharra: eskaeren lehen ebazpena maiatzaren 31n eta bigarrena irailaren 30ean jakinaraziko da.

Kultur sorkuntza
Xedea:
Usurbilgo artisten sorkuntza prozesuak diruz laguntzea. “Honako helburuak ditu: sormena bultzatu; kultura sare eraldatzaile, dinamiko eta parte-hartzailea sustatu; herritarrek goza dezaten kultur eskaintza erakargarria, anitza, hurbila eta eskuragarria sortu;, eta, era berean, bertako kultura balioan jarri eta gizarte integratzailea eraikitzen lagundu”.      
Zenbatekoa: eskatzaile bakoizteko muga 3.000 euro.

Norgehiagoka erregimenekoak ez diren kirol arloko diru-laguntzak
Laguntza:
laguntza bereziak, taldeetako prestakuntza teknikoak, kirolarien oinarrizko osasun miaketak, eskolaz kanpoko kirol jardueretan parte hartzeko diru laguntzak.

Igogailuak instalatzeko
Xedea:
herrian bi solairu edo gehiago izan eta nagusiki etxebizitzarako erabiltzen diren eraikinetan igogailua instalatzeko.
Zenbatekoa: eskaera bakoitzeko gehienez 1.000 euro.

Etxebizitza alokairuan hartzeko
Xedea:
ohiko bizilekua den eta errentan hartua duten etxebizitzaren alokairuaren zati bat ordaintzen laguntzea, gainerako laguntzarako eskubiderik ez badute.
Laguntza: 2021eko alokairu gastuak.

Dirulaguntza programen deialdi irekia:
Gizarte zerbitzuetako, ingurumeneko, nekazaritza eta abeltzaintzako, kirol elkarteen ohiko egitasmoak nahiz kirol egokitutako jarduerak, kultur arloko egitasmoak.

Informazio gehiagorako: martxoaren 8ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.