Hurbiltzen doa eguna pixkanaka eta egunarekin, zirrara handia eragiten duen une hunkigarri eta alaia. Aldarrikapena eta festa batuko dituen 22. Korrika gure artera heltzeko hiru egun baino ez dira falta. Korrika egun oso bat biziko dugu apirilaren 8an.
Egunotan ikastetxeetan egingo dituzten girotze hitzorduen ostean iritsiko da euskararen aldeko martxa ostiral goizaldean. Aurretik eta gero, ez da ekintzarik faltako. Egunotan iragarritakoez gain, azken orduotan Usurbilgo gazte mugimenduak ere zenbait deialdi egin ditu. Apuntatzeko modukoak. Ostegunean gazte afaria antolatu dute Aitzaga Elkartean, eta adi, Korrika heldu aurretik, berotzeko zumba saioa iragarri dute ostiral goizaldeko 5:30etan Mikel Laboa plazan.
Goizean goizetik hasiko da beraz festa giroa. Zumba saioa amaituta, gazte mugimenduak estreinakoz Korrikan lekukoa hartuko duen Kalezarko eremura kalejira antolatu dute. Aipatu moduan, hortxe lekukoa eramango dutenen artean berrikuntza; gazte mugimenduak eskuartean izango du Euskal Herrian barrena dabilen Korrikaren altxor preziatua. Gazte kilometroaren eremuan albiste honi atxikia duzuen bideoa grabatu dute.
22. Korrika Aginagatik, Usurbildik eta Zubietatik igaro ahala, gosaria izango da hiru eremuotan, tokian tokiko herri eragileek zerbitzatua. Arratsaldean, Usurbilgo sortzaileen eskutik, ibilbide kulturala herrian barrena. Ibiltaria noski, geldialdiak izango dituena. Geltoki bakoitzean herriko artixten emanaldiez gozatzeko aukera izango dugu.
22. KORRIKA USURBILEN
Apirilaren 6ra arte
16:20-16:45 AEK laguntzeko Udarregi Ikastolako LH6-koen salmenta postua Agerialdeko sarrerako aterpean.
Apirilak 6, asteazkena
14:30 Korrika Txikia Aginagako Eskolan.
Apirilak 7, osteguna
14:30 Udarregi Ikastolakoen Korrika Txikia.
22:00 Gazte afaria Aitzaga Elkartean.
Apirilak 8, ostirala
5:30 Zumba saioa Mikel Laboa plazan gazte mugimenduaren eskutik.
6:00 Gazte mugimenduak Kalezarren izango duen kilometrora kalejira.
6:24 aldera 22. Korrika Aginagako Mapilera helduko da. N-634 errepidetik barrena 6:40 aldera Usurbila eta 6:50 aldera Zubietara.
Korrika igaro ondoren, txokolate jana Aginagan Jai Batzordearen eta Antxomolantxa elkartearen eskutik eta Usurbilgo frontoian 7:45 aldera, 8:00ak aldera herri gosaria Zubietako plazan.
15:00 Korrika Txikia Zubietan eta merendola.
18:00 Ibilbide kulturala Etumeta AEK euskaltegitik abiatuta: musika, dantza, literatura, bertso eta abestiak... eta umorea, umorea erruz!
Apirilak 10, igandea
22. Korrikaren amaiera eguerdi partean Donostiako Bulebarrean. Segidan, egun osoko jaialdia Alde Zaharraren bueltan.
Antolatzaileak: eragile ezberdinak elkarlanean.