3 egun barru Usurbilen

14 lekuko aldaketa 11 kilometroko bidean

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 5a, 12:23

22. Korrikak herri barruan egingo duen ibilbidea zehaztua dago. Adi, nobedadeak daude eta euskararen aldeko lasterketak osatuko duen bideari dagokionean baita lekuko eramaileei dagokienean ere. 

22. Korrika badator, hiru egun baino ez euskararen aldeko lasterketari harrera Usurbilen egiteko eta preziatuetan preziatuena den altxorra, lekukoa ere usurbildarren esku jartzeko. Gogoan izan, goizaldeko 6:24 aldera espero da Aginagako Mapilen sartuko dela Korrika. Aginaga alderik alde zeharkatuko du N-634 errepidean barrena. Eta errepide beretik helduko da Usurbilgo Kaxkora. San Inaziotik gora Bordatxo aldera joko du euskararen aldeko lasterketak.

Eta hemen aurtengo berrikuntzetako bat; askoren gozamenerako, herri guneari bat ez bi itzuli emango dizkio aurten 22. Korrikak. Bordatxo parera helduta, BM saltoki parera heldu eta handik behera Errekatxikira joko du lasterketak, gero Kale Nagusian gora udaletxe pareraino. Txalaka saltokitik barrena, lehen aldiz, (eta lehen aldiz ez bada duela urte asko bai) Mikel Laboa plazan barneratuko da euskararen aldeko lasterketa. Mikel Laboa plazatik gero bai, Puntapax aldera eta handik Kalezarrera igoko da. Belmonte kalea zeharkatu eta Aliproxeko biribilgunera jaitsiko da.

Bizkarrera gero, handik Santueneara. Eta Santuenea paretik, Oria ondotik Zubietara. Bide nagusitik zeharkatuko du Zubieta, eta hipodromoko zubian Lasartek hartuko du lekukoa.

Eramaile berriak
Ibilbidean bistan denez, berrikuntzak, zertxobait luzeagoa izango da 22. Korrikak Usurbilgo lurretan barrena osatuko duen ibilbidea. Eta luzapen horretan zerikusia izan dute Udarregi Ikastolako LH 6. mailako ikasleek. Estreinakoz haiek hartuko baitute talde gisa lekukoa Bordatxo parean, Kaparotzetik bertara Udarregi Ikastolak eraman ostean. Zehazki maila honetako ikasleek hartuko dute lekukoa, urtero lantzen duten elkartasun proiektua dela eta. Aurten AEK laguntzea erabaki dute. Egunotan, Korrikaren aldeko materiala saltzen dabiltza, errifak ere saldu dituzte. Eta jasotako laguntzarekin Bordatxotik hasi eta Kaxkoari itzulia eman ostean, Txalaka pareraino lekukoa eramatea ahalbidetuko dien kilometroa erosi dute.

Lekuko eramaile berriak izango dira LH 6-koak, baina ez bakarrak. Usurbilgo Aztarrika Gazte Asanbladak ere estreinakoz kilometro bat eskuratu baitu. Kalezarren hartuko dute lekukoa. Girotzeko, zumba saioa antolatu dute ostiral goizaldeko 5:30etan Mikel Laboa plazan eta segidan Kalezarko gazte kilometrora kalejira.

Eragile anitz
Gainerakoan, nagusiki aurreko edizioetako eragileek hartuko dute lekukoa. Aginagan, Jai-Batzordeak, Antxomolantxa Elkarteak eta San Praixku Guraso Elkarteak. Txokoaldetik Berriola lantegiak. Usurbilgo erdigunera lekukoa ekarriko dutenak aipatu moduan, Udarregi Ikastolakoak izango dira; LH 6. mailakoen esku utziko dute lekukoa. 

Euskalgintzako eragileek ere lekukoa eramango dute bide zati batzuetan; Etumeta AEK euskaltegiak eta baita NOAUA! Kultur Elkarteak ere. NOAUA!ren izenean Zirimara aisialdiko egitasmoko ordezkariek eramango dute. Baita Osinalde industriagunean, eraikin berean kokatuak dauden Elhuyarrek eta Kabiene elkarlan guneak ere. Aipamen bana; Elhuyarrek 50 urte beteko ditu aurten eta Kabieneko kide bat izan da, Ane Garcia, aurtengo Korrikaren abestiari ahotsa jarri diona.

Herri erakundeek ere lekukoa eskuartean eramango dute tartetxo batean; bai Usurbilgo Udalak, baita haren segidan lekukoa hartuko duen Zubietako Herri Batzarrak ere. Zubietako beste bi eragile nagusiek ere hartuko dute lekukoa: Zubietako Eskolak eta Lanbide Eskolak.

14 lekuko aldaketa
Guztira 11 kilometro egingo ditu 22. Korrikak Usurbilgo lurretan barrena. Tarte horretan, 14 lekuko aldaketa biziko ditugu. Mezu sekretua gordeta daraman ikurriñadun euskarria nortzuk eramango duten jakin nahi? Hemen duzue zerrenda:
1.- 1976. kilometroa: Aginagako Mapil: Aginagako Jai-Batzordea eta Antxomolantxa.  
2.- 1977. kilometroa: Errasti etxea: San Praixku Guraso Elkartea.
3.- 1978. kilometroa: Lasao Etxea: Berriola Fagor Automation.
4.- 1979. kilometroa: Kaparotz baserria: Udarregi Ikastola.
5.- 1980. kilometroa: Bordatxo taberna: Udarregi Ikastolako LH6-ko ikasleak.
6.- 1980. kilometroa: Txalaka saltokia: Etumeta AEK euskaltegia.
7.- 1981. kilometroa: BM supermerkatua: NOAUA! K.E.
8.- 1981. kilometroa: Kalezarko Haur Eskola pareko etxeak: Kabiene.
9.- 1982. kilometroa: Kalezar: Usurbilgo gazte mugimendua.
10.- 1983. kilometroa: Santueneko zubia: Elhuyar.
11.- 1984. kilometroa: Zubietako Amiri baserria: Usurbilgo Udala.
12.- 1985. kilometroa: Larraitz etxea: Zubietako Herri Batzarra.  
13.- 1985. kilometroa: Iturritxo etxea: Zubietako Eskola.
14.- 1986. kilometroa: Irigoien etoribidea: Usurbilgo Lanbide Eskola.